Urteko hirugarrena

Portadadef

Aimar Olaizolak partidaren bigarren zatian erabaki du Lau t’erdiko San Fermin Torneoko finala

IMANOL MAGRO
Iruñeko Labrit pilotalekuak urteko pilota egun ederrena izan zuen atzo. Urtero legez, San Fermin egunean harmailak kolorez eta txaloz bete ziren. Alkandora zuri eta zapi gorridun pilotazaleek ez zioten kalerik egin urteroko hitzorduari, eta kaleko bestak bere egin zituen harmailak. Labriten bederatziehun ikuslerentzako eserlekuak daude soilik. Atzo, ordea, eseritakoez gain makina bat pilotazalek zutik ikusi zuten partida. Inork ez zuen Nafarroako lau t’erdiko finala galdu nahi, zale guztiek Barriola behingoz Olaizola mendean hartzeko gai izango ote zen ikusi nahi zuten.

Partida nagusian, ordea, ez zen zaleek eta jaialdiaren sonak merezi zuten adinako ikuskizunik egon. Atzo goizean, Aimar Olaizolak kaiola barnean hainbeste aldiz jokatu duen partida bera egin zuen. Lehen zati orekatuan piloteoa mamitu zuen, eta bigarrenean erremateekin hautsi. Lau t’erdiko azken finaleko protagonista berak ziren, eta partidaren bilakaera ere, berdintsua izan zen. Lehiaren hastapenetan bi pilotariak parean aritu ziren, Barriolak piloteoan agindu zuen arren. Partidaren erdialdetik aurrera, ordea, Olaizola kantxako jaun eta jabe bihurtu zen, eta arazorik gabe lortu zuen aurtengo denboraldiko hirugarren txapela. Txapela baino, trofeoa, ofizialtasunik ezean San Fermin Torneoak ez baitu txapelik banatzen.

Aimarrek ez zuen partida izugarririk jokatu. Defentsan beti bezain ondo aritu zen, eta erasoan Barriolak eginiko huts andana baliatu zuen. Goizuetarrak defentsarekin hautsi zuen kontrarioa, eta arriskatzera behartu zuen. Leitzarrak ez zuen tantoa egiteko tokirik aurkitu, eta piloteoan agindu arren, erasoan bere burua saldu zuen. Esandakoa, Olaizolak makina bat aldiz jokaturiko partida bera.

Gakoa, Olaizolaren defentsa Partidaren hasieran Aimar Olaizola erritmoa bizitzen saiatu zen. Sei pilotakada nahikoak izan zituen lehen tartea irekitzeko (3-0). Abel Barriolak, baina, erraz hartu zion neurria hasierako erritmoari eta pilota ondo baztertuz markagailua berdindu zuen (3-3).

Banakako txapeldunak sakea berreskuratu zuenean kaiola barneko pilotaririk trebeena dela erakutsi zuen berriro. Luze sakatuz oso bizkor sartu zen errematera. Tantoa boleaz lortu ez zuen aldietan Barriola alde batetik bestera korrika egitera behartuz lortu zuen. Bost minutuko erakustaldia, eta bost tantoko aldea markagailuan (9-4). Artekariak nahi baino lehenago isildu ziren. Barriolak ez zuen finala hain merke saldu nahi, eta sakea bere egin zuenean bote jokoa inposatzen saiatu zen. Leitzarrak oso luze jokatzeari ekin zion, pilotakada askok lau t’erdiko marra oso gertu eduki zuten. Luze jokatuz Olaizola frontisetik urrundu zuen, hormabiko zein dejadekin lehia berdindu ahal izateko (10-8). Hortik aurrerakoak, ordea, guztiz ezberdinak izan ziren. Barriolak piloteoaren aginteari eutsi zion, baina ez zuen tantoa egiterik lortu. Olaizolaren defentsak leitzarra ernegatu zuen eta zorteak bizkarra eman zion. Barriola arriskatzen hasi zen, eta opari gehiegi egin zituen. Hiru falta pasaz eta frontisa ukitu ere egin ez zuten bi hormabiko, luxu garestiegiak dira final baterako, eta Olaizolak ondo aprobetxatu zituen (19-9). Azken txanpan Barriolak tanto pare bat egin zuen, baina ordurako partida erabakita zegoen.

Irujo eta Beloki, buruz buru gaur gauean (22:15, ETB1) Gaur gauean sanferminetako feriako bigarren jaialdia jokatuko da Labriten (22:15, ETB1). Jaialdiko partida nagusian Manomanistako bi txapeldun ohi elkarren aurka ariko dira. Juan Martinez Irujoren eta Ruben Belokiren arteko partidak ikusmin handia sortu du, eta gaur ere Labriteko harmailak goraino betetzea espero da.

Ez da oso ohikoa izaten udako ferietan buruz buruko partidak ikustea. Oraingoan, baina, EPELek bi pilotariek Eskuz Banakako Txapelketan emaniko maila ona baliatu nahi izan du sanferminetako feria aberasteko. Aurreikuspenek Beloki jotzen dute faborito. Burlatakoak maila izugarria erakutsi zuen buruz buruko txapelketan eta Irujoren oinazeek bere jarduna erraztuko dute. Izan ere, Iberokoaren bizkarreko eta hatzeko minek hobera egin badute ere, ez du bere onena ematerik izango. Iazko banakako txapeldunak gorriak ikusiko ditu gaur Beloki mendean hartu ahal izateko.

OLAIZOLA II.A 22

BARRIOLA 11 Iraupena: 47 minutu.

Pilotakadak: 233.

Saketik: Olaizolak 3 eta Barriolak 3.Markagailua: 3-0, 3-3, 4-4, 9-4, 9-5, 10-5, 10-8, 11-8, 12-8, 12-9, 13-9, 19-10, 19-11 eta 22-11.

Bestelakoak: Lau t’erdiko San Fermin Torneoko finala. Iruñeko Labrit pilotalekuko harmailak mukuru bete ziren. Eserlekuetan zeuden 900 lagunez gain beste 300 bat ikuslek zutik ikusi zuten partida. Giro ezin hobea egon zen pilotalekuan. Apustuetako dirua Aimar Olaizolaren alde irten zen 100-20ri.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE