Asier Berasaluze Elgetako Lau t’erdiko txapeldun

Portadadef

Urrizelki kontrarioak hamar sake ez zituen eraman (22-7)

Asier Mintegi
Batek tantoa azkar amaitu nahi, eta besteak azkarrago. Bi pilotariak norabait joateko presa zutela ematen zuen. Batena normaltzat har liteke, baina bestearena ez. Joan den ostiralean amaitu zen aurtengo ETB Kantxa saria, Elgetako pilotalekuko harmailak gainezka zirela. Berasaluzek hamar tanto egin zituen saketik, eta ez zuen inongo arazorik izan Urrizelki kontrarioari irabazteko (22-7).

Berriztar aurrelariak aurtengo denboraldia bikain amaitu du, eta afizionatu mailako txapelketarik garrantzitsuenak irabazteaz gain, bai banaka eta bai binaka, pilotazale guztiak harri eta zur utzi ditu bere sakearekin. Izugarrizko abiadura ematen dio, eta afizionatu mailan emaitza bikainak eman dizkio orain arte. Profesionaletan ere, pilo-tari gutxi daude berriztarra bezala sakea ateratzen dutenak. Ostiralean, sake batean, 112 km/h abiadura eman zion pilotari.Berasaluze partida guztian joan zen aurretik, eta Urrizelki partida osoan ezinean ibili zen. Lizarrakoa oso urduri aritu zen partidako zati batzuetan. Hasi bezain laster, 7 eta 2 abantaila lortu zuen. Baina ez izugarrizko jokoa egiten ari zelako, Lizarrakoak huts asko egiten zituelako baizik.

Urrizelkik nahi zuen partidan sartu, baina ezin zuen. Batere konfiantzarik gabe aritu zen. Sakea ateratzeko ere ikaraz, eta horrela oso zaila da partidak irabaztea edo itxura behintzat ematea. Lizarrakoak txapelketa ona egin du, baina azken bi partidetan mailarik eman ezinda ibili da. Finalerdietan, partida kaskarrean, oso larri izan bazen ere, irabaztea lortu zuen. Finalean ere, lehengo lepotik burua. Tantoa luzatu beharrean, tantoa segituan amaitzen saiatzen zen behin eta berriz. Tantoa erraz bukatzen du, baina pazientzia handiagoa eduki behar da.Berasaluzek, Urrizelkiren ahulaldia ikusita, ederki aprobetxatu zuen egoera eta tanto bikainak egin zituen partidaren azken txanpan. Ederki merezitako txapela jantzi zuen Berrizko aurrelariak.

Idoate kadeteetan Kadeteetan Idoate burlatarra izan zen txapeldun. Partida gogorra jokatu behar izan zuen Mendizabal antzuolarrari irabazteko. Mendizabal partidaren lehenengo zatian aurretik joan zen, baina bigarrenen zatian kontrarioari tamaina hartu zion Idoatek, eta txapela irabaztea lortu zuen (22-16). Bi pilotariek oso itxura ona eman dute txapelketan. Pilota oso bizi ateratzen zaie eskuetatik, eta kontuan hartzeko pilotariak izango dira aurrerantzean.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE