Denetarik

Portadadef

Irujo eta Beloki elkarren aurka zortzi egun barru, Sanferminetako Ferian

IMANOL MAGRO / Berria
Iruñeko sanferminak ate joka daude, eta jai egunekin batera udako feria garrantzitsuena hasiko da. Aurten ere Aspeko eta Asegarceko bikoteak batera ariko dira jaialdi guztietan. Enpresek egitarau luze eta erakargarria antolatu dute. Urteroko lau t’erdiko finalarekin eta binakako torneoarekin batera, aurten puntako buruz buruko partida antolatu dute. Zortzi egun barru Juan Martinez Irujok eta Ruben Belokik elkarren aurka jokatuko dute Labriten.

Zortzi jaiegun eta zortzi jaialdi. Enpresen ligak lepo bete ditu pilotaz aurtengo sanferminak. Urtero legez, feria San Fermin egunez hasiko da. Feriako pilota egun nagusiko jaialdia goizez jokatuko da, eta Olaizola II.ak eta Barriolak Lau t’erdiko San Fermin Torneoko finala jokatuko dute. Bigarren eguneko jaialdian, zortzi egun barru, Juan Martinez Irujok eta Ruben Belokik elkarren aurka jokatu dute frontoi osoan. Binakako San Fermin Torneoa uztailaren 9an hasiko da. Enpresa bakoitzak hiru bikoteren izena eman du, eta bi kanporaketa jokatuko dira finalaren aurretik. Lehenbiziko partidan Olaizola II.ak eta Otxandorenak Ðiazko txapeldunakÐ, Titin III.aren eta Pascualen aurka jokatuko dute. Lehen final-laurdeneko irabazleek Bengoetxearen eta Belokiren aurka jokatuko dute hilaren 12an. Beste final-laurdena uztailaren 10ean jokatuko da. Olaizola I.ak eta Zearrak Gonzalezen eta Lasa III.aren aurka jokatuko dute. Irabazleek binakako txapeldunak, Irujo eta Goñi III.a alegia, izango dituzte zain uztailaren 12ko jaialdian. Torneoko finala hilaren 14an jokatuko da. Patxi Ruiz, iazko Lau t’erdiko San Fermin Torneoko txapelduna, eskuko minez dago, eta ez du feria osoan jokatuko.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE