Irujok hirugarrenera itxaron behar izan du irabazteko

Portadadef

Eulaterekin batera, 22-16 hartu zituen mendean Gonzalez eta Pascual

Unai ARTETXE / Gara

Juan Martinez de Irujo garaipenaren bidera itzuli da. Buruz Buruko Txapelketako finala galdu zuenetik, hiru neurketa jokatu behar izan ditu Iberoko aurrelariak, baina azkenean lortu du hogeita bira iristea.

Pilotari nafarra ezagutzen duenak badaki kartetan galtzea ere ez zaiola gustatzen, eta atzora arte jokatutako bi partidetan galdu eta gero, behar-beharrezkoa zuen garaipena lortzea. Eskoriatzan, Pedro Martinez de Eulaterekin bikotea osatuta, 22-16 nagusitu zen Sebastien Gonzalez eta Iñigo Pascualen aurka.

Neurketaren aurreneko zatian, Irujo eta Eulate erabat nagusitu ziren, eta hamar tantoko aldea lortu zuten (1-11), baina Gonzalez jokoan sartu zenean gorriek aldeak murriztu zituzten (12-13). Ondoren, berdinketa batzuen ostean, Irujok tantoak amaitzen asmatu zuen, eta hogeita bira iritsi ziren.

Titinen garaipena Mungian

Bestalde, Mungian antolatutako jaialdian, Titin III.ak eta Goñi III.ak 22-16 irabazi zieten Xalari eta Lasa III.ari.

Neurketan sartzea asko kostatu zitzaien arren, gorriek nahiko erraz irabazi zuten. Hasieran huts gehiegi egin zituen aurrelari errioxarrak; bikote urdinak behar bezala aprobetxatu zuen hori, eta 12-3 aurreratu zen. Orduan agertu zen Fernando Goñi, eta lau kintze lortuta aldeak murriztu zituen, hamahiruan adostu arte. Hortik aurrera bikote gorria jaun eta jabe izan zen.

Olaizola II.ak, ezin

Asegarcek Zumaian antolatutako jaialdiko estelarrean, Mikel Unanue eta Ruben Beloki 22-17 gailendu ziren Aimar Olaizolaren eta Kepa Peñagarikanoren aurka. Atzelari gipuzkoarrak nahikoa lan izan zuen Unanueri airea kentzen, baina Añorgakoak ondo aprobetxatu zituen aukera guztiak, nahiz eta Olaizola II.a defentsan ondo aritu.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE