Zestaren hobe beharrez

Portadadef

Euskadiko Federazioak Eusko Basque eta APP bildu ditu zesta txapelketa bateratuak antolatzeko

IMANOL MAGRO / Berria
Batasuna aurki irits daiteke zesta-puntako txapelketetara. Euskadiko Federazioak Eusko Basqueren eta APPko partaideen arteko JAS, Jai-Alive eta Miarritzeko BAC bitarteko izatea erabaki du. Federazioak helburu garbi bat dauka: goi mailako Euskadiko Binakako zesta punta txapelketa antolatzea. Lehen pausoa iragan asteartean eman zen, Txema Aldamiz-Etxeberriak, Federazioko presidenteak, bi aldeetako ordezkariak bilera batera deitu zituenean.

Bilera horretan Federazioak egitasmoaren nondik norakoak eta txapelketan parte hartzeko gutxieneko baldintzak azaldu zizkien Eusko Basqueko eta APPko partaideei. Izan ere Aldamiz-Etxeberriak, beharrezkotzat ikusten du txapelketa bateratua. «Zestak erreferentzia izango den txapelketa bat behar du. Helburua binakako goi mailako txapelketa bat antolatu ahal izatea da, eta guk bitarteko lanaren esfortzua geure egin dugu».Txapelketan parte hartzeko Federazioak pilotari guztiek bete beharreko hiru baldintza jarri zizkien enpresei: Euskadiko federazioko fitxarekin jokatzea, legezko lan kontratua edukitzea eta pilotariek gizarte segurantzan kotizatzen dutela ziurtatzea. Eusko Basqueko eta APPko ordezkariek gutxieneko horiek beteko dituztela aurreratu dute, eta euren bikoteen izena emango dutela. Izena emateko epea heldu den astean bukatuko da, eta eskakizun guztiak eginak daudenean Federazioko kirol komiteak erabakiko du zeintzuk diren txapelketan aritzeko adina maila duten bikoteak. Gutxienekoak nahiko argi badaude ere, Federazioko presidenteak bere «eszeptizismoa» onartzen du. «Ezkorra naiz, egitasmo berria delako. Gainera, bi aldeak enpresak dira, eta enpresa interesak kirol interesen aurretik jarriko dituzte».

Enpresak, jokatzearen alde Herenegungo bileran ez Eusko Basquek, ezta APPko partaideek ere ez zuten ziurtatu parte hartuko zuten ala ez. Halere bi aldeek euren bikoteen izena emango dutela aurreratu diote Berriari. Aitor Totorikak, Eusko Basqueko presidenteak Federazioaren bitartekaritza eta erabakia ontzat hartuko duela onartu du. «Nik ez dut aterik ixten, baina garbi diot ez dudala traturik egingo beste enpresekin. Beste partaideek gutxieneko eskakizunak betetzen badituzte Federazioaren komiteak erabakiko ditu partaideak. Eusko Basquek erabaki hori onartu eta errespetatu egingo du, inork ez dezala zalantzarik izan». APPko eta JASeko intendente den Josu Mugartegik, halaber, euren pilotariek baldintza guztiak beteko dituztela ziurtatu du. «APPko partaide desberdinen artean bost bikoteren izena emango dugu, eta denek Federazioak jarririko gutxieneko baldintzak beteko dituzte». Iaz, JASeko pilotariek ez zituzten Federazioak eskatzen zituen gutxieneko eskakizunak bete eta ez zuten txapelketa ofizialetan parte hartzerik izan.

Munduko txapelketarik ezean Euskadiko Federazioak bultzaturiko txapelketa proiektua zesta-punta denboraldiko hitzordu nagusia izango litzateke. Halere, zesta-punta gaur egun oso garai txarrak igarotzen ari da eta txapelketaren errentagarritasuna zalantzan dago. Hau horrela Totorikaren ustez telebista eta publizitatearen kudeaketak berebiziko garrantzia izango du. Mugartegik ere zalantza asko ditu arlo ekonomikoan. «Txapelketaren errentagarritasuna ziurtatzeke dago. Guk ez dugu dirurik irabazi nahi txapelketarekin, baina ezta galdu ere. Parra gelditzearekin konforme. Guk baldintza bat jarriko diogu Federazioari, egon litezkeen galerak bere gain har ditzala».

Kirol komitearen galbahea Bi enpresetako pilotariek betebehar burokratiko guztiak betetzen badituzte Federazioko zesta komiteak izango du azken hitza. Komite horretan Federazioko presidenteaz gain, bertako idazkaria den Pedro Mari Garita eta zesta-punta batzordeko zuzendari den Mikel Plaza egongo dira. Komiteak izena emandako bikoteen artean txapelketan parte hartzeko adina maila dutenak hautatuko ditu.

Totorikak komitearengan konfiantza osoa jarria duela onartu du, eta bere iritziz Eusko Basqueko eta beste enpresetako pilotarien arteko mailaren aldea «izugarria» dela. Mugartegi, berriz, ez da komitearen fido, besteak beste «Mikel Plaza Eusko Basqueko pilotaria delako». APPko ordezkariaren aburuz bi enpresetako pilotarien arteko maila aldea «neurtzeke dago» eta eratuko dituzten bikoteak txapelketan «hor goian» ibiliko liratekeela nabarmendu du.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE