JAS, Eusko Basque eta Euskadiko Federazioa heldu den asteartean batzartuko dira

Portadadef

I. M. / Berria
Enpresen arteko akordioa zesta-puntaren mundura hel daiteke datorren astean. Euskadiko Pilota Federazioak Eusko Basqueko eta Jai Alai Sporteko ordezkariak batzar baterako deitu ditu heldu den asteartean. Batzarraren helburua Euskadiko Binakako Txapelketan bi enpresetako pilotariak batera aritu ahal izatea da.

Iaz Euskadiko Federazioak ez zituen JASeko pilotariak onartu, Frantziako Federazioko fitxarekin aritzen zirelako. Aurten, ordea, Markinako enpresako pilotariek beharrezkoak diren betekizunak errespetatu dituzte eta txapelketa ofizialetan aritzeko eskubidea dute. Orain arte, Eusko Basqueko pilotariek baino ez dute parte hartu txapelketa ofizialetan. Oraindik akordioa bera ere zehazteke dago, baina enpresen hainbat nahi ezagunak dira jada. Enpresek txapelketa luzea diseinatu nahi dute, uztailean eta abuztuan luzatuko litzatekeena. Enpresa bakoitzak lau bikoteren izena emango luke eta bikoteak bi multzotan ariko lirateke, Esku-huska profesionaleko txapelketen antzera.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE