Eugi San Fermin Torneotik kanpo eskuko minagatik

Portadadef

Barriolak Irujoren aurka jokatuko du ASPEren adarreko finala 26an

GARA

Patxi Eugik Lau eta Erdiko San Fermin Torneoari agur esan dio ezker eskuan duen minagatik. Igandean jokatu behar zuen Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan ASPE enpresaren adarreko finalerdia Abel Barriolaren aurka, baina Agoizko aurrelariak atzo erabaki zuen partaidetza bertan behera uztea.

Modu horretan, Abel Barriola zuzenean sailkatu da Juan Martinez de Irujoren aurka jokatu beharko duen kanporaketarako. Norgehiagoka hori datorren ekainaren 26an jokatuko dute Zarautzen bertan, eta hortxe erabakiko da nork jokatuko duen Iruñeko final nagusia.

Patxi Eugik ASPEren webguneari eginiko adierazpenetan aipatu zuen: «Hilaren 5ean Atano III.ean jokatu aurretik nabaritu nuen ezker eskua ez zegoela oso-osorik, eta Unanue-Zearraren aurka horren partida gogorra jokatu ostean, eskua oso minduta nuela amaitu nuen zoritxarrez».

Agoiztarrak «oso bizkor» osatuko zela pentsatzen omen zuen, baina ebakuntza bat izan ondoren, sendatze prozesua «kontu handiz» egin beharko dela baieztatu zuen Eugik. «Egia esateko, niretzat oso gogorra izan da erabaki hau hartzea azkenaldian bikoteka oso gustura jokatzen ari nintzelako. Nire helburua hemendik aurrera, hamabost bat egunean eskua ahalik ondoena osatu eta udako mailarik onenean jokatzeko prest egotea izango da», baieztatu zuen aurrelariak.

Gogoratu beharra dago Agoizko pilotariari iazko ekainean egin ziotela ezker eskuan ebakuntza, Buruz Burukoan Xalaren aurka (19-22) eskua erabat apurtuta jokatu ostean.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE