Berria
Frontis enpresako pilotariekin jokatuko da aurten ere Nafarroako Lau t’erdiko Txapelketa ofiziala, eta igandean jokatuko dira final-laurdenetako aurreneko bi partidak. Sei pilotarik hartuko dute parte, eta Inaxio Errandonea eta Jorge Nagore izango dira zerrendaburuak. Nafarroako lau t’erdiko egungo txapelduna da bat, eta lau t’erdiko txapelketa nagusia hiru aldiz irabazitakoa bestea. Horregatik jarri dituzte eskaileraren goiko mailan.
Errandonearen kontra finalerdietan, Armendariz-Larraia partidako irabazlea ariko da. Bi horiek, igandean dute partida Murchanten (17:30). Finalerdietako partida, aldiz, Berriozarren jokatuko da, uztailaren 3ko asteburuan.Nagoreren kontra finalerdietan, Arretxe-Gorriti partidako irabazlea ariko da. Bi horiek ere igandean dute partida, Fustiñanana (12:00). Finalerdia, hilaren 24an jokatuko da Arbizun.Aurten ere lau t’erdi barruko bi txapelketa izango direnez, arazoak zeuden finaleko egunarekin, baina konpondu direla dirudi. Asegarcek eta Aspek antolatutako San Fermin Torneoaren finala uztailaren 7an jokatuko da, Iruñeko Labriten. Frontiseko pilotariekin jokatuko den Nafarroako lau t’erdiko Txapelketaren finala, aldiz, uztailaren 10ean, frontoi berean. Herenegun hartu zen erabakia, Nafarroako Pilota Federazioak eta Iruñeko Udalak egindako bileraren ostean. Miguel Pozueta federazioko presidenteak eman zituen azalpenak: «Bi lehiaketak dira errespetagarriak, baina Nafarroako lau t’erdikoak partaidetza mugatuagoa du, eta Asegarce-Asperen programak interes handiagoa ikusleentzat».