Bidaniko pilotariak ezin izan zuen Lau eta Erdiko txapela jantzi, Miriam Arrillaga adiskideak irabai zion Barakaldon,baina Olatz Ruiz de Larramendirekin txapelketa handia jokatu du Binakakoan eta arantza hori kendu nahi du, oraindik datarik ez duen finalean. Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldairen aurka.
-Banakako txapelketan finalerako sailkatzea lortu zenuen eta binakako txapelketarako ere txartela lortu duzu, pozik?
Bai oso pozik, bi finaletan segidan egotea pozik egoteko modukoa da. Txapela ezin izan nuen jantzi banakakoan eta ea oraingoan posible dugun.
-Neumonia bat pasa ondoren fuerte bueltatu zara kantxetara, nola ikusi duzu zure burua?
Nahiko ahul ibiliko nintzela uste nuen baina final laurdenetan uste baño partida hobea egin nuen. Gero finalerdietan partida gogorragoa tokatu zitzaigun, eta orduan bai sumatu nuen denboratan partidurik jokatu gabe egotea. Hala ere, fisikoki hobetzen noa eta hobeto sentitzen naiz.
-Azkenaldian eskuak gehiago jokatzen uzten dizute? Sendotu dituzu eskuak?
Bai, eskuina erabat osatuta daukat. Ezkerrean oraindik puntu bat ez daukat erabat ondo baina takoekin gero eta hobeto asmatzen dut eta minik gabe nabil.
-Zer suposatzen du zuretzat Laboral Kutxa Emakume Máster Cup txapelketako finalean izatea Olatz Ruiz de Larramendi pilotari gaztearekin?
Konfiantza asko ematen dit Olatzek, oso pilotaria da eta azken aldian partida ezin hobeak jokatzen ari da.
-Harrobitik datozen pilotariek artean etorkizunik ikusten duzu?
Bai, gero eta neska gehiago animatzen ari dira, hortaz orduan eta neska gehiago, etorkizuna dutenak ere orduan eta gehiago izango dira eta jadanik ikusten dira
-Nola daramazu bizitzen ari garen egoera?Etxean entrenatzen duzu?
Ondo daramat, baserrian animaliak ditugunez egunero joaten naiz eta kanpoan ibiltzeko aukera dut. Entrenatu ere egiten dut bai baserrian eta bai etxean.
-Aurkari gogorraka izango dira Gentzane Aldai eta Olatz Arrizabalaga?
Bikote sendoa osatzen dute, Olatzek indar asko du eta badaki pilota ondo mugitzen, eta Gentzanek ere atzelari lanak oso ondo egiten ditu, pilota zail asko bueltatzen ditu.
-Ze pronostiko ematen diguzu finalerako?
Partida gogorra aurreikusten dut, baina edozer gerta liteke.
-Ze gomendio emango zenioke esku pilotan asten den neska gazte bati?
Pixkanaka hastea, hau da, lehenengo eskuak ondo egin eta gero hasi partidak jokatzen, bestela behin minduz gero batzuetan zaila izaten da eskuak bere onera ekartzea.