Antolakuntzak eta Eusko Basquek hilaren 20rako lortu behar dute akordioa
I.M. / Berria
Munduko XV. Zesta-punta Txapelketa Markinan jokatuko da, beti ere antolakuntza eta Eusko Basqueko ordezkariak akordio batera iristen badira. Nazioarteko Federazioak iragan ekainaren 1ean egin zuen azken batzarra. Batzarreko ebazpenean, federazioak aurtengo Munduko Zesta-punta Txapelketa Markinan jokatuko dela ziurtatu zuen.
Ebazpen berean, baina, antolakuntzak Eusko Basquek jarririko baldintzak onartzeko «arazo asko» dituela argitu zuen. Akordio batera iristeko dauden zailtasunak ikusita, Nazioarteko Federazioak epe bat jarri die antolakuntzari eta Eusko Basqueri. «Txapelketa egoki gara dadin, liskarrean dauden bi aldeak ekainaren 20aren aurretik adostu beharko dira». Desadostasun horiek kinka larrian jarri dute Munduko Txapelketa. Izan ere, Federazioko informazio iturrien arabera, akordiorik ezean «aurten ez da txapelketarik antolatuko». Desakordioaren muinean bi arazo nagusi daude: parte hartuko duten pilotarien aukeraketa eta txapelketak sortzen dituen diru sarreren banaketa. Iazko aldian Eusko Basqueko eta Miarritze Athletic Clubeko pilotariek hartu zuten parte. Aurten, berriz, Jai Alai Sportek bere puntistak izen emateko asmoa duela jakinarazi du.
Arazoa ez da enpresen arteko akordio falta, Munduko Zesta-puntako Txapelketa antolatzeko eskaera ez baitzuen JASek egin, Markinako Udalak baizik. Azken urteetan, ordea, Eusko Basqueren eta Markinako Udalaren arteko ezinikusia agerikoa izan da, eta akordio batera iritsi ahal izatea nahiko zaila izango dela dirudi. Markinako Udalaren eta pilota enpresaren azken liskarra iazko udan izan zen, Udalak pilotalekuaren ustiaketa Jai Alai Sporten esku utzi zuenean.
Eusko Basquek orain arte antolatu diren Munduko Txapelketaren hamalau ekitaldietan parte hartu du. Interes ekonomikoak direla-eta, baina, Bilboko enpresa negoziatzera behartuta dago. Oso zaila dirudi, baina baliteke azkenean Federazioak txapelketa bertan behera uztea.