Euskal Herriko herrien arteko txapelketa abiatzeko prest dago

Portadadef

Gipuzkoa, Nafarroa, Araba, Ipar Euskal Herria eta Bizkaia neurtuko dira eskuz

Jon LEUNDA / Gara

Euskal Herriko Pilota Konfederazioak atzo ezagutarazi zuen datorren larunbatean abiatuko den Euskal Herriko Herrien Txapelketa. Lehiaketa hori lehen aldiz jokatuko dute, eta bertan, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria izango dira.

Txapelketa bi mailatan banatu dute. A Mailan, helduak, gazteak eta kadeteak lehiatuko dira; eta B Mailan, berriz, umeak, kimuak eta haurrak. Lehenengo mailan, partidak 22 kintzera jokatuko dituzte; eta txikietan, berriz, 18ra. Partidetan kintzerik gehien egiten duen taldeak irabaziko du, eta berdinketa izanez gero, partidarik gehien bereganatu dituenak eramango du neurketa.

Herrialde bakoitzak bere antolakuntzaren arabera egingo ditu taldeak. Gipuzkoan, Herriarteko Txapelketako emaitzen arabera egingo omen dute. Irabazleak parte hartuko du. Berak uko egingo balu, hurrengoarengana joango lirateke.

Nafarroan, Belateren Herriarteko Txapelketaren arabera jokatuko dute. Bizkaian, lehiaketa horrekin pentsatuz eta hor parte hartzeko prest zeudenen artean, lehiaketa bat egin dute, eta horko irabazleak jokatuko du. Araban, Amurrio, Aramaio, Maeztu eta Gasteiz dira lehiaketan parte hartzeko prest daudenak, eta litekeena da guztien artean talde bat egitea. Ipar Euskal Herrian, ezker paretako helduen txapelketarik egiten ez dutenez gero, selekzio bat egingo dute. Aurten lehen aldiz, gainera, Baigorrik Nafarroako Belate Txapelketan parte hartu du, eta horkoak izango dira batzuk. Txikietan, Ligan ezker paretako torneoa egiten dutenez gero, hango irabazleek hartuko dute parte.

B mailan, Gipuzkoak ez du parte hartuko, eta horren arrazoia eman zuen Igor Igerategik, Gipuzkoako ordezkariak: «Foru Aldundiak arautegi bat dauka maila hauetako umeekin kirol guztietan, eta guk hori erabat errespatatzen dugu; ez dugu parte hartuko».

Helduetan, larunbatean hasiko da, Urepelen, Ipar Euskal Herriaren eta Arabaren artean. Horko irabazlea Bizkaiaren aurka neurtuko da, ekainaren 24an, Galdakaon. Beste finalerdia Nafarroak eta Gipuzkoak jokatuko dute ekainaren 25ean. B Mailan, Ipar Euskal Herria eta Nafarroa ekainaren 25-26ko asteburuan neurtuko dira, eta Bizkaia eta Araba ekainaren 24an, Galdakaon. Finalak Amurriko pilotalekuan jokatuko dituzte uztailaren 3an.

EHPK-ko kideek garbi utzi zuten erakunde horrek zeuden hutsuneak bete nahi dituela inori lekurik kendu gabe eta gutxi zaintzen diren jokamoldeei indarra eman. Bestalde, edozein federazio bezalako ofizialtasuna ere baduela ohartarazi zuen, Europan erakunde ofizial gisa onartuta baitaude.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE