Urrizelki eta Lasa sailkatu dira Elgetako finalerdietarako

Portadadef

Baez II.a eta Apezetxea kontrarioek ez zuten euren maila eman

Asier Mintegi / Berria

Lau pilotariek irabazi nahi, baina bi pilotarik bakarrik zuten tokia ETB Kantxa sariko finalerdietan. 23 urtez azpiko mailan, final-laurdenetako bi partida jokatu ziren ostiral gauean Elgetako pilotalekuan. Pilotazale ugari bildu zen afizionatu mailako pilotaririk onenetakoak ikustera. Lehenengo partida Urrizelkik eta Baez II.ak jokatu zuten, eta lehenengoak irabazi zuen (22-10). Ondoren, Lasa eta Apezetxea aritu ziren. Partida gogorra eta polita espero zen arren, ez zen hala izan. Lasa urretxuarrak irabazi zuen(22-6).

Ez ziren partida onak izan. Irabazleek beren maila eman zuten, baina galtzaileak ezinean aritu ziren, urduritasunarengatik eta kontrarioen joko biziarengatik. Urrizelki nafarrak eta Lasa gipuzkoarrak nahiz eta azken horri aurreko partida batean Elurbe lizartzarraren aurka asko sufritzea tokatu, txapela irabazteko bidean urrats handia egin zuten.

Urrizelkiren eta Baez II.aren arteko partida, hasieratik hautsi zen. Begiak itxi eta irekitzerako Lizarrako atzelaria 8-0 irabazten ari zen. Baez donostiarra hasieratik bukaera arte ezinean ibili zen. Nahi zuen, baina ezin. Urrizelkik hasieran hartutako abantailari eustea nahikoa izan zuen finaerdietako txartela lortzeko. Lizarrakoa oso txapelketa serioa egiten ari da, eta txapela irabazteko faborito nagusia da pilotazale askoren ustez. Asegarce enpresarekin kontratua du, baina oraindik itxaron egin beharko du goiko mailara salto egiteko.Bigarren partida, Lasak eta Apezetxeak jokatu zuten. Apezetxea txapelketa bikaina eginda zetorren, baina hantxe amaitu zen goizuetarraren ametsa. Oso hasiera polita eman zieten bi pilotariek. Ondo piloteatu zuten eta erritmo bikainean jokatu zituzten lehenengo tantoak. Ikusleak gozatzen ari ziren bi pilotarien jokoarekin, baina 7-6koaren ondoren Apezetxeak behera egin zuen. Handik aurrera Lasa jaun eta jabe izan zen. Zortzi sake sartzeaz gain, tantoak bikain bukatu zituen eta nafarrari ez zion beste tanto bat ere egiteko aukerarik eman.

Mendizabal faborito Kadete mailan ere aurrera doa txapelketa, eta joan den asteburuan Mendizabalek, Idoatek eta Beroizek finaerdietarako txartela lortu zuten. Pilotazale askorentzat, Mendizabal antzuolarra da irabazteko faboritoa.

Ostiral honetan jokatuko dira final-laurdenak bukatzeko falta diren partidak. 23 urtez azpikoen mailan, bi partida jo katuko dira: Berasaluze eta Olaetxea lehenengoan, eta Argote eta Renobales bigarrenean. Berasaluze eta Argote dira faboritoak. Lehenengoak sake izugarria du, baina bigarrenari irabazi egin behar zaio oso pilotari segurua da zarauztarra.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE