50. Urteurreneko Txapelketak bere lehen eta irabazle bakarra ezagutuko du bihar

Juaneneak eta Endikak Urriza eta Zubiriren aurka jokatuko dute bihar, 16:15etik aurrera, Galarretako 50. urteurreneko finala. Irabazleek euren izena jarriko dute palmaresean eta ez du beste txapeldunik ezagutuko, efemeride berezi bat ospatzen den txapelketa berezia baita. Final handiaren pizgarri bat gehiago da.
Horrela, txapelketa ekainaren 20an hasi zen lehia berdinarekin  itxiko da. Hori bai, hilabete honetan gauzak zertxobait aldatu dira. Lehen partida hartan Juanenea eta Endika Urriza eta Zubiri baino gehiago izan ziren. Iruñeko aurrelariak ez zuen txapelketa bere jokorik onenarekin hasi, baina partidak aurrera egin ahala hobera joan da, eta joan den astean finalerdian eta ligaxkako azken lehian
indartsu eta bere bertsio onenetik gertu ikusi zen.


Juaneneak eta Endikak 28-35ekoa errepikatzea zailagoa izango da, baina gorriak izango dira faboritoak. Txapelketa osoan zehar irabazi dute faboritismo hori. Lehen bi partidak ondo irabazi zituzten eta hirugarrena galdu zuten, baina lehen postua eta finala poltsikoan zituztela. Ziur egon dira eta bikain uztartu dira Saldiaseko bi pilotariak.
Final osoa nafarra da eta pizgarri asko ditu. Juanenea aurrelari bikaina bihurtu da eta Endikak aurkariak menderatzen ditu atzealdean. Huts gutxi egiten dituzte tanto gutxi oparituz, baina hori ere Urriza eta Zubiriren ezaugarria da bigarren partidatik aurrera. Goizuetako atzelariak hobetzen egiten jarraitzen du, eta oso seguru dabil. Urrizaren bertuteak denek ezagutzen dituzte. Horrela, aurkariek materiala aukeratzen dutenean, beti bilatzen dute Iruñeko aurrelaria saihestea. Bera jokoan ez sartzea izaten da helburua eta horregatik aukeratzen dituzte pilota biziak.
Lau pilotariek partida gogorra izango dela eta finalak ezberdinak direla esan dute. Ligaxkako partida ez dute erreferentziatzat hartzen eta ordutik urdinek hobera egin dutela badakite. Sasoian eta jokoarekin datoz lau pilotariak.
Endikak saketik menderatzea eta Urriza saihestea bilatuko du. Urdinek partida asko jokatu dituzte eta badakite presioa naturaltasunez eramaten. Nerbio horiek epeltzea garrantzitsua da finaletan.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE