Enekoitz Telleria / Berria
BETIKOA aimar. Hori erakusteko gogoak amorratzen zegoen. «Betiko Aimar naizela erakutsi nahi nuen, lehengo Aimar naizela erakutsi nahi nuen», zioen. Gordin mintzatu zen, gogor antzean, txapela buru gainean izateak ematen duen konfiantzaz eta ausardiaz, baina erremin eta amorru puntu batez. «Gaur aho batzuk itxi ditudala uste dut», zioen. Bere jarduna zalantzan jarri duten guzti horiena nonbait, hari tokatutako eskailera kontrarioaren aldean samurra zela zioten guzti horiena nonbait. Betiko Aimar izan omen zelako herenegungoa. Betikoa, ordea, 15-6tik aurrerakoa. Aimar azkarra. Maleziadun Aimar. Berearekin kontrarioari minik egiten ez diola ikusi, eta kontrarioarena bere egiten duen Aimar. Kale edo bale kalkulatua. Jokoaz baliatu zen bai, baina kontrarioaren konfiantza gehiegizkoaz ere bai. Une aproposean eta proportzio egokian. Ez dago norberaren jokamoldearekin egiten dizutena baino min jasangaitzagorik. Konponbideak kontrarioaren jardunarentzat izaten ditugu prestatuta, ez norberarenaren modukoa den jokamoldearentzat. Galdetu Juan Martinez Irujori.