Badiola III.ak Barakaldoko Masterra irabazi du Armendariz menderatuta

Portadadef

Aurrelari lekeitiarra 22-18 nagusitu zitzaion orkoiendarrari final ero baten ondoren
ARMENDARIZ 18
BADIOLA 22

Pilotakadak: 217. Iraupena: 50. Markagailua: 0-6, 1-6, 1-7, 7-7, 15-7, 16-14, 16-21, 18-21, 18-22. Sakez: 7 Armendarizek eta 9 Badiola III.ak. Gorabeherak: Pilotazale asko hurbildu zen Barakaldes Barakaldoko pilotalekura. Beteta.

Unai ARTETXE / Gara

Joseba Badiolak ezustekoa eman zuen finalean, eta bera da Barakaldoko Lau eta Erdiko Masterreko txapelduna, atzo Karlos Armendariz 22-18 mendean hartu eta gero.

Aurrelari lekeitiarrak Pilota Zirkuitu Profesionaleko lehenengo sailkatuaren aurka jokatu zuen, eta, presioa aurkariaren bizkarrean zegoela-eta, lasai kantxaratu zen.Hala, neurketa berehala jarri zitzaion alde, aurreneko sei tantoak berak lortu baitzituen.

Baina Armendarizek ez zuen amore emateko asmorik, eta 6-0 partziala lortuta zazpi eta zazpi berdindu zuen partida.Hurrengo kintzeetan ere orkoiendarra izan zen jaun eta jabe, eta bere pilota-kolpe nagusiagoari etekina ateratzen jakin zuen, 15-7 jarri zen arte.

Atzelari nafarrari partida alde jarri zitzaion, eta ez zirudien Badiola III.a markagailuari buelta emateko gai izango zenik, baina aurrelari bizkaitarrak ez zuen burua makurtu eta lanean jarraitu zuen. Sakeaz baliaturik, hiru tantora hurbildu zen (16-13), baina orduan min hartu zuen eskuin besaurrean, eta aldageletarako bidea hartu behar izan zuen.

Lekeitiarra indarrak hartuta bueltatu zen, tentsio barik, zortzi tanto egin zituen jarraian, eta txapela lortzeko tanto bakarrera geratu zen. Orduan egin zituen azken ahaleginak Armendarizek, bi kintze lortzeko gauza baino ez zen izan, ordea, eta Badiola III.ak jantzi zuen txapela.

Partidaren ostean, pozik zen pilotari bizkaitarra: «Oso pozik nago. Ez nuen uste hain ondo joango zenik. Txisparekin heldu naiz txapelketara, eta sakeekin min handia egin dut».

Norgehiagokaren erdialdean une txarra pasatu zuela aitortu zuen: «Memento batean oso gaizki ikusi dut neure burua. Hasieran ni aurreratu naiz, baina gero berak sekulako jokoa atera du, eta dominatuta izan nau denbora guztian. Gero lesio txiki bat izan dut, eta han erabaki dut etxea leihotik botatzea. Sakearekin asmatu dut eta partidari buelta eman diot. Ez dakit nola, oraindik ere ez baitut sinesten».

Bestalde, Ariznabarreta 22-14 nagusitu zitzaion Arretxeri hirugarren eta laugarren postuak zehazteko neurketan.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE