Xabi Galarzak ezin izan dio aurre egin bere herrikideari Bigarren Mailako Manomanistako finalean
IMANOL MAGRO / Berria
Iñigo Leizak lehen mailako Eskuz Banakako Txapelketa jokatuko du heldu den urtean. Lemoako aurrelariak Xabi Galarzari irabazi zion atzo, bigarren mailako Manomanistaren finalean. Leizak ez zuen bere herrikide eta lehengusuaren gupidarik izan. Sakearekin min asko eginez, piloteoan agintzea lortu zuen. Galarzak azken txanpan erakutsiriko fede eta konfiantza urriak txapeldunaren lana erraztu zuen.
Zornotzako pilotalekuko harmailak bete zituzten lemoaztarrek primerako giroa jarri zuten. Bi finalistak kantxara irten zirenean, harmailak orroka hasi ziren. Asko Leizaren aldekoak izan arren, gehienak Xabi Galarzaren tantoak txalotzeko joan ziren. Finalistek,baina, ez zuten ikuskizun handirik eskaintzerik izan. Hein handi batean, Leizak bere lehengusuak baino askoz hobe jokatu zuelako.
Aurrelariak merezimendu osoz jantzi zuen txapela. Leizak dena egin zuen ondo. Oso garbi zuen nola jokatu beharra zeukan, eta aurrez prestaturiko gidoia ezin hobeto bete zuen. Sakearekin min asko egin zuen. Oso luze eta bizkor sakatuz, zortzi tanto egin zituen lehen pilotakadarekin. Piloteoan, berriz, Galarza etsiarazi zuen. Bi eskuekin gozatu, eta erasoan aurkaria dominatu zuen. Defentsan, zango arinak dituela eta sufritzen dakiela erakutsi zuen. Airea bilatu zuenean ere, maila onean aritu zen.
Xabi Galarzak asko erraztu zion txapelerako bidea lehengusuari. Errestoan pattal, ez zuen jakin bere indarra inposatzen. Leizak piloteoa bere egin zuenean, Galarzak arriskatzea erabaki zuen, eta pilota ugari bidali zituen goiko zein azpiko koltxoietara. Azken txanpan, konfiantzarik gabe, partidari bizkarra eman zion.
Saketik aginduz Leizak partidaren hasieratik agindu zuen. Galarzaren urduritasunaz baliatuz eta aurkariak baino askoz indartsuago joz, hasi bezain laster lortu zuen lehen abantaila (0-5). Gaizki botariko dejada batek sakea Galarzaren eskuetan jarri zuen. Atzelaria, baina, ez zen aukeraz baliatu eta behartuta botariko beste dejada batekin sakea lehengusuari itzuli zion (2-6).
Buruz buru, opariak oso garesti ordaintzen dira. Leizak berriz sakea hartu zuenean partida erdi erabakita utzi zuen. Aurkariaren hutsek eta saketik errenkadan egin zituen lau tantoek Galarzaren aldeko zaleak isilarazi zituzten (3-13). Atzelariak oraindik ez zion partidari ihes egiten utzi nahi. Partida guztian bota zuen dejada on bakarrenetako batekin Galarzak sakea berreskuratu zuen. Lemoaztarra primerako sakatzailea da, eta oso serio jokatuz, partida orekatu zuen (8-13). Beste opari batekin bolada ona eten zuen arte. Galarzak kanpora bidali zuen Leizak eskapadaz errestaturiko sakea. Kontra kantxara bidalitako pilotakadarekin batera, Galarzaren fedeak ere pilotalekutik ihes egin zuen. Azken txanpan Leiza hazi egin zen, eta Galarzak ez zuen beste tanto bat egiteko indarrik izan. Txapeldunak errenkadan egin zituen finaleko azken zortzi tantoak. Bukaeran ikusle guztiek txalotu zuten Iñigo Leiza, baita Galarzaren aldekoak ere. Denek onartu zuten merezimendu osoz irabazi zuela.
GALARZA VI.A 8
LEIZA 22
Iraupena: 50 minutu.
Pilotakadak: 197.
Saketik: Galarza VI.ak 2; Leizak 8.
Markagailua: 0-5, 2-5, 2-7, 3-7, 3-13, 8-13 eta 8-22.
Bestelakoak: bigarren mailako Eskuz Banakako txapelketako finala. Zornotzako Amorebieta IV.a pilotalekuko harmailak bete egin ziren. Lemoatik jende asko joan zen herriko bi pilotariek ikustera. Apustuetako dirua Leizaren alde irten zen, doblean.