«Kantxa gainean, ez dago Xabiren eta nire artean sekreturik» Leiza

Bihar bere kirol ibilbideko partidarik «garrantzitsuena eta politena» jokatuko du: Bigarren Mailako Manomanistaren finala.

IMANOL MAGRO / Sudouest

Bihar Bigarren Mailako Eskuz Banakako Txapelketaren finala jokatuko du Xabi Galarzaren aurka, Zornotzako pilotalekuan. Bi finalistak lehengusuak eta auzokideak dira. Leizak ezin hobeto ezagutzen du biharko bere aurkaria. Ondo daki bera eta Galarza oso urduriak direla, eta partidari buruz hitz egitean kirioak izendatzen ditu behin eta berriz. Lemoako aurrelariak herriko pilotalekuan hitz egin du Berriarekin.Masajistarenetik zatoz. Arazo fisikoren bat duzu? Eskuak nola dituzu?

Eskuetatik oso ondo nago. Gerri aldean gainkarga txikia izan dut eta hori erlaxatzeko joan naiz masajistarengana. Txapelketaren bat jokatzen dudanean beti joaten naiz astean behin masajistarengana.

Eta jokoz? Orain arte maila oso onean aritu zara. Jokoz ondo nagoela uste dut, eskuak ondo ditut eta konfiantzarekin nago; finala jokatzeko arazorik gabe. Litekeena da finalean urduritasuna agertzea, eta apur bat kostako zaigu ondo jokatzen hastea. Momentuz, baina, ondo ikusten dut nire burua.

Urduritasuna hainbeste nabaritzen al duzu? Orain arte ez naiz urduri egon. Orain, finaleko astean, hasi da urduritasuna agertzen. Final bat da eta normala da apurtxo bat urduri egotea.

Biharkoa, profesionaletan ari zarenetik jokatu duzun partidarik garrantzitsuena da. Bai, horrela da; biharkoa orain arte profesional mailan jokatu dudan partidarik garrantzitsuena da eta baita politena ere.

Azken asteko lana nolakoa izan da? Eskuak apurtxo bat landu ditut, lan fisiko pixka bat egin eta ezer gutxi gehiago. Orain arte egin ez direnak jada ezin dira konpondu.

Askotan entrenatu duzu Xabi Galarzarekin batera, azken egun hauetan ere batera aritu al zarete? Lehen pilotalekuko lana ere batera egiten genuen, orain, berriz fisikoa baino ez dugu batera egiten. Alde teknikoa bakoitzak bere kabuz prestatzen du eta fisikoa batera egiten dugu. Prestatzaile fisiko berdina dugu, baina pilotalekuko lana bakoitzak bere aldetik egiten du.

Nolakoa izan da finala arteko bidea? Finalerdia uste baino errazagoa izan al zen? Lehenengo partida Alberto Belokiren aurka jokatu nuen eta lehia oso gogorra izan zen. Partidari buelta eman behar izan nion. Finalerdia uste baino errazagoa izan zen, agian. Xabi Urberuaga oso urduri irten zen, 11-0 aurreratu nintzen eta ordurako partida erabakita zegoen.

Nolakoa partida izango da finala? Ez dakit. Printzipioz gogorra izango dela uste dut, biok sasoi onean baikaude. Halere, urduritasunari aurre egitea oso garrantzitsua izango dela iruditzen zait, kirioei okerren eusten dienak desabantaila handia izango du.

Lehengusuak zarete, txikitatik batera jokatu duzueÉ Ba al dago sekreturik zu eta Xabiren artean? Kantxa gainean behintzat jada ez dago sekreturik. Askotan entrenatu dugu batera, partida mordoa ere jokatu ditugu batera… Gutxi gorabehera, badakigu bakoitzak nola jokatzen duen. Finalean bakoitzak bere jokoa egingo du eta onenak irabaz dezala.

Zer nolako jokoa egiten saiatuko zara? Nik nire betiko jokoa egingo dut. Ahalik eta hoberen sakatu, lehen pilotakada gozatzen saiatu, partida gogortu eta aukera dudanean dejada bota.

Udan estelar askotan sartu zinen. Gero lau t’erdian Eugi kanporatu zenuen. Ba al zenuen Lehen Mailakoan sartzeko itxaropenik? Eta aurre kanporaketaren bat jokatzeko? Ez, nik ez nuen horrelako itxaropenik. Nik banekien oso zaila zegoela Lehen Mailakoa jokatzea, hor goian jende on asko baitago. Nire asmoa bigarren mailakoa prestatzea eta irabaztea zen, hurrengo urtean lehen mailakoa jokatzeko. Gero, aurrekanporaketaren batean sartu izan banindute, hobe. Baina nik ilusioz prestatu dut Bigarren Mailakoa.

Horrela izanda, buru belarri prestatuko zenuen txapelketa? Egia esan ez nuen oso ondo prestatzerik izan, ez nuen entrenamendu berezi gehiegirik egin. Jokoz eta eskuetatik ondo egon naizelako lortu dut maila onean jokatzea.

Biak herri berekoak zarete, zer nolako giroa dago Lemoan? Giro ona. Normala da, herri berekoak izanda jendea oso pozik dago biok finalera iritsi garelako. Giro polita dago kalean.

Jendeak zer esaten dizu? Zure edo Xabiren aldeko gehiago dago? Hor ere denetarik dago. Bere aldekoak, nire aldekoakÉ agian bere alde gehiago egongo dira, baina hori ere ziur ez dakit.

Etxetik oso gertu jokatzen duzue, animo faltarik ez duzue izango. Herriko jende asko joango dela espero dut. Ziur nago pilotalekuan giro ona izango dela eta ea gerturatzen den jendeari partida on bat eskaintzeko gai garen.

Bigarren mailako txapelketak jasotzen al du behar lukeen oihartzunik? Hori betiko kontua da, jendeak beti partida garrantzitsuak ikusten ditu eta jaialdietako lehen eta hirugarrenei garrantzia gutxiago ematen die. Hori betidanik ezagutu dugu, pilota mundua horrela eratu baitute.

Zornotzako jaialdian zuen partida izango da estelarra. Horrek ilusio asko egiten dit, estelarra izatea, jende asko gure partida ikustera joateaÉ Oso polita da. Ea gu ere partida ona eskaintzeko gai garen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE