Berasaluze-Oteizak irabazi zuten Biharko Izarrak txapelketako finala, Diaz-Arraztoaren aurka
ASIER MINTEGI / Berria
Partida ikusgarria ikustera joan eta, azkenean, sake ikusgarriak bakarrik ikusita atera ziren Mallabiko pilotalekutik Biharko Izarra txapelketako finala ikustera bildu ziren pilotazaleak. Berasaluze berriztarrak eta Oteiza zarauztarrak erraz irabazi zuten joan den urtean Gonzalezek eta Apraizek irabazitako txapela (22-7).
Partida hasi aurretik ikusleen artean ez zen faborito argirik. Lau pilotariak txapelketa ona eginda iritsi ziren finalera, eta Mallabiko pilotalekuko harmailak bete zituzten pilotazaleak irrika handiz eseri ziren eserlekuetan.
Aurreko koadroetan Berasaluze eta Diaz zeuden. Bi horiek jokatzeak zirela ikusita, partida bizia eta azkarra izatea espero zen. Hala pentsatu eta hala izan. Begiak itxi eta irekitzerako, Berasaluzek eta Oteizak abantaila handia lortu zuten, Berasaluzeren sakeen eta gantxoen eta aurkarien huts nabarmenen ondorioz.Diaz eta Arraztoa nafarrek partida oso urduri hasi eta amaitu zuten. Ez zuten euren maila eman, pilota gozatu ezinik ibili ziren partida osoan, eta oso itxura kaskarra eman zuten.
Abiadura handia sakean Hala ere, nafarrek gaizki jokatzeko arrazoi nagusia Berasaluzeren sakea izan zen. Zortzi sake sartu zituen. Hori da abiadura ematen diona pilotari! Profesional mailan ere pilotari asko daude Berasaluze baino motelago ateratzen dutenak. Gantxorekin ere primeran moldatzen da, baina defentsan dauka hobetu beharra oraindik. Bere ezker eskura moztutakoan ez da hain ondo moldatzen, baina 20 urte besterik ez daukala ikusita, kontuan hartzeko pilotaria izango da Berrizko mutil puska hau.
Oteiza zarauztarrak bere aurrelariaren jokoa ikusita, seguru-seguru jokatzea erabaki zu- en. Txapelketan bikain ibili da, eta, nahiz eta Asegarcerekin aurre kontratu bat sinatuta eduki, oraindik itxaron egin beharko du profesional mailan jokatzeko.
Iñigo Diaz iruindarra Asegarce enpresarekin jokatzen hastekoa da ekainean, baina Mallabiko finalean egin zuena baino gehiago egin beharko du profesional mailan, partidak aurrera atera nahi baditu. Azken norgehiagokak ditu afizionatuetan.