Goizuetakoak aise irabazi du Sebastien Gonzalezen aurka jokaturiko Manomanistako finalerdia
Imanol Magro / Berria
Aimar Olaizola da Eskuz Banakako Txapelketako lehen finalista. Goizuetarrak uste baino errazago irabazi zion atzo Sebastien Gonzalezi, Manomanistako lehen finalerdian. Berrogei minutu nahikoak izan zituen Gonzalezen ametsa eteteko. Goizuetarrak oso partida serioa egin zuen. Piloteoan erabaki egokiak hartuz eta tantoa ondo bukatuz, aurkariaren itxaropena zanpatu zuen.
Aimar Olaizolak oso pilotari argia dela erakutsi zuen berriro. Saketik agintzea lortu ez bazuen ere, oso ondo gidatu zuen piloteoa. Gonzalez defentsan airez ondo aritu arren, Olaizolak oso ondo mugitu zuen pilota. Gero, tantoa egiteko aukera aurkitu zuenean, trebeziaz aritu zen. Errekurtso erakustaldia emanez, mota guztietako tantoak egin zituen: gantxoak, ñakuak, boleak, atzean baztertuak… Goizuetakoak buruz buru Gonzalez baino askoz gehiago dela berretsi zuen.
Azkaindarrak ez zuen gaizki jokatu, baina bere ahaleginak ez ziren nahikoak izan. Defentsan airez oso ondo sartu zen, baina erasoan kamuts ibili zen. Arriskatu zuenean bere burua guztiz saldu zuen. Oso gora botariko dejadek, eta kanpora jaurtitako gantxoek Olaizolaren bidea erraztu zuten.
Piloteo gutxi Atzoko partidan sakeak berebiziko garrantzia izango zuela esan zuten bi pilotariek pilotak aukeratzean. Biek kale egin zuten. Olaizolak eta Gonzalezek gaizki sakatu zuten, eta ez batak ez besteak ez zuen errestoan sufritu.
Partida motza izan zen, eta ia ez zen piloteorik egon. Tanto luzeenak hamasei pilotakada izan zituen, eta tanto gehienek sei edo zazpi pilotakada baino ez zituzten izan. Piloteo labur eta bizietan trebeziak erabakitzen du tantoa, eta hor Olaizola maisu izan zen. Goizuetarrak oso ondo ekin zion partidari (5-0). Oso indartsu sakatuz piloteoaren jabe egin zen. Gonzalezek sakea berreskuratu zuenean erakutsi zituen bere armak. Saketik eginiko tanto pare batekin eta atzean bazterturiko pilotakadekin partida orekatu zuen (9-5). Lehiaren hasieran Gonzalezek boleaz erakutsiriko nagusitasunak Olaizola urduritu zuen. Sake bakoitzaren aurretik goizuetarrak lauzpabost aldi begiratu zuen atzera, aurkaria non zegoen ikusteko. Ez zeukan zertan urduritu, baina, bigarren zatian partidako jaun eta jabe izan baitzen. Saketik aginduz botera jokatzea erabaki zuen. Joko klasikoak fruituak eman zizkion eta Olaizolak partida hautsi zuen (17-5). Partidaren bukaeran Gonzalezek arriskatzea erabaki zuen. Bolea guztiak, baina, kontrakantxara ihes egin zioten.
OLAIZOLA II.A 22
GONZALEZ 6
Iraupena: 40 minutu.
Pilotakadak: 153.Saketik: Olaizolak 3 eta falta bat; Gonzalezek 2.Markagailua: 5-0, 5-2, 8-2, 8-4, 9-4, 9-5, 17-5, 17-6 eta 22-6
Bestelakoak: Eskuz Banakako Txapelketako finalerdietako partida. Jende ugari batu zen Tolosako Beotibar pilotalekuan. Apustuetako dirua Olaizolaren alde irten zen, 100-20ri.