Gara
Jean Michel Idiart gustura dago bere proiektu berria primeran abiatu baita. EPB enpresako arduraduna da. Hiru urtean hainbat eta hainbat torneo antolatu ditu, eta orain beste urrats bat egin du pilotariak kontratatuta eta ezker paretako enpresak eredutzat hartuta, trinketeko esku pilota indartu eta sendotzeko erabakia hartu baitu.
Jean Michel Idiart da EPB trinketeko enpresa berriaren nagusia. Azkaindarra da izatez, eta aurretik Frantziako Federazioan egona da. Gaur egun, bere asmo nagusia trinketeko esku pilota aurrera atera eta indartzea da.
Enpresa gisa hiru hilabete daramazkizue lanean. Zer iritzi duzu horri buruz?
Ona. Hasteko esan behar da Suprefeturaren baimen guztiak etorri zaizkigula, eta horrek argi eta garbi segurtatzen digu gure eran lan egin dezakegula erabat legalki, nahiz eta Federazioak behin baino gehiagotan esan zuen legez kanpo ari ginela lanean. Bestetik, iazko lehiaketa berak antolatzen ditugula esan behar da. Izan ere, orain bezala aritu ez bagara ere, aspalditik ari baikara lanean. Federazioak esana zuen ez genuela lehiaketarik izango, ez eta trinketik jokatzeko ere, baina garbi geratu da ez dela horrela. Antolatzaileek berehala ulertu dute gure proiektua.
Zer-nolako harremanak dituzue Frantziako Federazioarekin?
Gaur egun, batere ez. Presidentearekin hitz egitea ezinezkoa da, ez baitu gure proiektua onartzen. Gerora, guk akordioren bat izan nahi dugu, hemendik lau urtera edo, presidentea aldatzen denean. Uste dut ona litzatekeela akordioak izatea, batez ere gazteentzat.
Zer egin behar du orain EPBk pilotari berri bat fitxatu ahal izateko?
Aspek edo Asegarcek fitxa dezaketen bezalaxe fitxa dezakete gurekin. Federazioarekin duten lizentzia kendu eta gurekin sinatu; ez dago besterik.
Orain dituzuen pilotariak nahikoak dituzue edo gehiagoren premia duzue?
Hasiera batean, 20 pilotariri 2006 urtera arteko kontratua egin genien, baina orain Biscoubyk pilota utzi du eta gure zuzendaritza teknikoan sartu da, eta 19 pilotari geratzen dira; beraz, ez gaude itxita. Gure asmoa gazteak fitxatzea eta gure zirkuituetan sartzea da, eta apurka-apurka haiek egiten joatea.
Azkenaldian, kubatarrak eta mexikarrak askotan izan dira Euskal Herrian. Hangoren bat fitxatzeko asmorik bai?
Aukera izanez gero bai, baina ez da gure lehenengo asmoa. Guk Euskal Herriko gazteekin egin nahi dugu lan, eta haiei aukera eman. Ez Iparraldekoekin bakarrik, baita Hegoaldekoekin ere. Horretarako, norbaitekin harremanetan jarri behar dugu, eta lehenengo ikusi behar dugu norekin. Euskadiko Federaziorekin, Belaterekin, EHPK-rekinedo denekin; baina gure lehen urratsak hor egin behar ditugu. Ondotik, kanpotarren bat fitxatzeko aukera baldin badugu, ikusiko dugu, baina etxekoekin lan egiten hasi nahi dugu.
Pilotariei horrelako enpresa bat beharrezkoa zela erakustea zaila izan zen edo berek ere zuek bezala pentsatzen zuten?
Lehendik ere hiru urte daramazkigu torneoak antolatzen, eta gure pilotariek ongi zekiten zer zen EPB. Uste dut elkarrekin sekulako konfiantza dugula, eta denok genuela argi zer egin behar genuen.
Zaleek ere zalantza asko zituzten EPBren inguruan ez baitzuten garbi ikusten ezker paretan dauden bezalako enpresek trinketean balio zezaketenik. Horiei ere uxatu al dizkiezue zalantza guztiak?
Uste dut baietz. Guk hemen hasi ahal izateko baimen guztiak lotu ditugu, eta ikusi dute hau ez dela egun batetik bestera pentsatutako proiektu bat, asko landuko zerbait baizik. Lanean oso serio ari garela ikusi dutenean, berehala konturatu dira zer den.
Zuberoan aspaldian ez zuten profesionalen partidarik jokatu, eta zuek berreskuratu dituzue. Hori ere beharrezkoa zen, ezta?
Dudarik gabe. Iaz, Larrainen torneo bat antolatu genuen, eta sekulako arrakasta izan zuen. Aurten, gainera, Binakako Txapelketako jaialdi bat antolatu dugu, eta sekulakoa izan da. Seguruenik ere abuztuaren amaieran Eskiulan beste torneo bat ere antolatuko dugu. Gauza berria da hau bai guretzat, baita berentzat ere, aspaldian ez baitzuten goi mailako eskuzko pilotaririk ikusi trinketean.
Larunbatean amaitu zen aurten zuek lehen aldiz antolatu duzuen Binakako Txapelketa. Zer iritzi duzue lehiaketa horretaz?
Uste baino hobeto joan zaigu. Hasieran, zaila izango zela pentsatzen genuen, aurretik izan ziren iskanbila guztiak tarteko, baina oso ongi joan da dena. Jendeak primeran erantzun du. Komunikabideek ere jarraipen oso ona eman diote, bai prentsa idatzian, irratietan, telebistan; uste baino hobeto joan da. Hala ere, garbi dago hobetu beharreko gauza asko daudela, baina horiek pixkanaka hobetzen joango gara. Lehen urtea izateko, oso gustura gaude.
Finala telebistak zuzenen eman zuen. Horrek ere sekulako garrantzia du trinketeko etorkizunerako, ezta?
Dudarik gabe. Zortzi urte dira final bat zuzenean eman ez zutela, eta larunbatean izan zen. Orain, gure asmoa urtean ETBk partida kopuru zehatz bat zuzenean ematea da, baina hori oraindik hitzartzeko dago. Baina garbi dago etorkizunerako telebistaren presentzia behar-beharrezkoa dela.
Trinketeko esku pilotan zuek zarete dagoen enpresa bakarra, baina frontoian ugari dira. Zer- nolako harremana duzue haiekin?
Gure nahia Aspek eta Asegarcek osatzen duten Ligarekin akordioren bat lortzea da, bai elkarrekin prestakuntza egiteko, edo eta lesioak gainditzeko baita joko-berrin partidak jokatzeko ere.-