Panpiren bideo lana

Gonzalezek eta Olaizola II.ak pilota mota desberdinak aukeratu dituzte larunbateko finalerdirako

IMANOL MAGRO / Berria
Sebastien Gonzalezek eta Aimar Olaizolak atzo aukeratu zituzten larunbatean jokatuko duten Eskuz Banakako Txapelketako finalerdirako pilotak. Biak aurrelariak izan arren, bertute eta gabezia desberdinak dituzte, eta, horrenbestez, pilota mota ezin desberdinagoak aukeratu zituzten. Gonzalezek bote handiko oso pilota biziak hautatu zituen. Biak larrua bueltaturikoak. Olaizolak, berriz, indartsuak eta bote gutxikoak nahiago izan zituen.

Jaialdi askotara baino jende gehiago hurreratu zen atzo goizean Tolosako Beotibar pilotalekura. Hirurehun bat ikuslek kantxako harmailak lepo bete zituzten. Lehenbizi Aimar Olaizolak aukeratu zituen pilotak, Salva Bergarak lagunduta. Sei minutu nahikoa izan zituen, eta 104,3 eta 103 gramoko pilotak aukeratu zituen. Toke handikoak eta bote gutxikoak. Sebastien Gonzalezek ere berehala hautatu zituen pilotak. Panpi Ladutxeren laguntzarekin bost minutuan aukeratu zituen 103,1eta 105,8 gramoko bi, biak larrua bueltatutakoak. Ez zen arazorik egon, biek gustuko pilotak aurkitu zituzten. Ez zen harritzekoa izan, enpresa bakoitzak bosna pilota baitzituen saskian. Kazetarien aurrean agertu zenean azkaindarrak pilotekin gustura zegoela onartu eta Olaizolarenak oso desberdinak zirela nabarmendu zuen.

Gonzalezek partida buru-belarri prestatu duela azaldu zuen. Duela bi urteko eskuz banakakoan elkarren aurka jokatu zuten, eta ordukoan Olaizolak aise irabazi zuen (22-5). Partida hartan, zabalera sakatu zuen eta min handia egin zion azkaindarrari. Atzoko aukeraketan Gonzalezek partida hartako bideoa Panpirekin batera aztertu duela onartu zuen. «Lan asko egin dugu; orduko erruak zuzentzea prestaketaren zati handi bat izan da». Partida hartan sakeak berebiziko garrantzia izan zuen, eta, ondorioz, egunotan Gonzalezek asko landu du eskuin errestoa. «Zabaleko sakeak altxatzeko entrenatu naiz, eta ahal dudan guztia egingo dut horiek altxatzeko». Partidaren inguruko xehetasunak ematean bere erritmoa ezartzen saiatuko dela azpimarratu zuen, eta Aimarrek etengabe zabalera joko duela. Aurreko partidetan urduritasunak kalte handia egin dio azkaindarrari, eta, berak onartu zuen bezala, larunbatean kirioei eusten saiatu beharko du. Lasaitasunarekin batera, Gonzalezek zortea ere ekarri zuen gogora. «Aurten zortea izan dut. Abel lesionatu egin zen eta Xalari tanto bakarragatik irabazi nion. Larunbatean, zorte pixka batekin, Aimarri irabaz diezaioket».

Aimar Olaizolak, halaber, duela bi urteko partida izan zuen hizpide. Goizuetarraren aburuz, Gonzalezen jokoa asko hobetu da geroztik, eta partida gogorra izango dela aurreratu zuen. «Sebastien pilotari arriskutsua da. Joko eroa egiten du, airez asko sartzen da eta arriskatu egiten du, oso deserosoa da beraren aurka jokatzea».

Duela bi urteko partidan, hamar tanto egin zituen saketik. Aurten partidaren hasieran ezker paretara sakatzen hasiko dela aurreratu zuen. «Nik beti bezala sakatuko dut. Sakearekin bederatzigarren koadrotik atzera ondo baztertzen baduzu, ez dago mirarik egiterik». Partidako nondik norakoaz mintzatzerakoan, berriz, Olaizolak bere betiko jokoa egiten saiatuko dela azaldu zuen. Goizuetarraren asmoa botera jokatzea da, tantoak eta partida ahalik eta gehien luzatzeko. Duela bi aste Zearraren aurka jokaturiko partidan Olaizolak eskuinarekin ez zuen gozatu. Minik ez duela esan zuen atzo, eta ordukoa egun txar bat baino ez zela izan. «Eskuin besoa oso ondo daukat. Aurreko partidan ez nuen gozatzerik lortu, pilota ez zitzaidalako eskuan sartu. Noizean behin halako egunak izaten dira, ea larunbatean ez den halakorik gertatzen».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE