MANUEL GALAN, PALISTA. Bilbon jokatzen duen bakoitzean, 500 kilometrotik gora egin behar izaten ditu Gijondik joan-etorrian, eta pilotari profesionalaren bizitza beste hiru ogibiderekin uztartzen du
IMANOL MAGRO/Berria
Profesionalizazioak pilotarien irudia guztiz eraldatu du. Telebistari eta komunikabideei esker pilotariak izar bilakatu dira. Zale gehienen ustez, pilotaria profesionaletara igarotzen denean afizionatu mailako miseria guztiak atzean uzten ditu. Halere, pilotariek ondo dakite profesionaltasunak ez duela eguneroko lanbidea alde batera uzteko adina ematen. Adibide garbiena Manuel Galanena da, Euskadiko Binakako Pala txapeldunordearena.
Manu Galanek, beste asko legez, kilometroak eginez eta asko entrenatuz lortu du profesional mailan jokatzea. Galan Gijonen jaioa da (Asturias, Espainia), eta gaur egun han bizi da. Astean birritan edo hirutan bere Volkswagen Golfa hartu eta Bilborainoko bidea egiten du, Deportivon jokatzeko. «Bi ordu eta erdi pasatxoko bidaia da, 270 kilometro joateko, eta beste hainbeste itzultzeko. Urtean 50.000 kilometrotik gora egiten ditut autoan». Galanek fisioterapia ikasi zuen, eta goizez Gijonen egiten du lan. Partida jokatu behar duenean bazkaltzeko astirik ere ez duela izaten aitortu du. «Lanetik irten eta ziztu bizian joaten naiz etxera. Ordu bietan amak prestaturik edukitzen duen bazkaria irentsi, eta ordu biak eta laurdenetan autoa hartzen dut, bostak aldera Deportivon egoteko». Gijongo atzelariak aurten izan ditu profesional mailako unerik gozoenak. Duela hiru aste binakako txapelketako txapeldunorde izan zen, Gaubekarekin bikote eginez. «Oso bikotekide ona egokitu zitzaidan. Esteban oso lehiakorra da eta zure onena ematera behartzen zaitu. Oso ondo konpontzen gara elkarrekin». Galan duela bi urte eta erdi igaro zen profesionaletara, Iruñeko Mundialaren ostean. Bertan Espainiako selekzioarekin aritu zen. Mundiala prestatzeko saioak Iruñean egin zituen, eta bertarainoko joan-etorriak ere, autoz egin zituen. Orduko bidaiak 450 kilometrokoak ziren. Dena da zilegi amets bat betetzeko.
Entrenamenduak, pilotaleku motzean Pala motzean Espainiako taldekako txapelketan jokatu ondoren, izugarri kosta zitzaion palara egokitzea. Aitirtu duenez, kiloko palarekin asko du ikasteko oraindik: «Pilotak irentsi egiten nau, gogor astintzeko azpitik jo behar zaio eta nik albotik ematen diot. Pilota asko bueltatzen ditut, baino ez dut minik egiten». Aurkariek defentsarako dituen dohainak goraipatzen dituzte. Aurtengo binakakoan, ordea, sakatzaile trebea dela erakutsi du. Sakearen inguruko laudorioek harritu egiten dute Galan, berak pilotaleku motzean egiten baititu entrenamendu saioak. «Asturiasen ez dago pilotaleku luzerik. 28 metrokoa bakarra dago, eta ni han entrenatzen naiz. Gero portalin deritzen asko dago, 10 edo 15 metroko frontoi txikiak. Horregatik, entrenamenduetan sakea ez dut lantzen, frontoi luzeko neu-rri eta erreferentziak ez galtzeko».
Gijongo Covadonga Kirol Elkartea da Asturiasko pilota talde bakarra. Pala taldeak Espainiako txapelketa jokatzen du, eta bertan eman zituen Galanek lehen pausoak. 16 urte zituela goi mailako taldearekin jokatzen zuen.
Orain, Gijongo pilota eskolak berrogeita hamar pilotari ditu eta kopurua gutxituz doa. Halere, ez da beti horrela izan. «Covadonga elkarteak gaur egun 28 kirol eta 30.000 bazkide ditu. Duela laurogei urte, berriz, elkartea sortu zenean, bi kirol baino ez zeuden: pilota eta igeriketa» azaldu du. Litekeena da Galan Asturiasko azken pilotari ezaguna izatea, baina ez da lehena izan. Alberto Cid ere Covadongaren harrobikoa zela esaten du harro. «Jaiotzez nafarra bazen ere, hara bizitzera joan eta bertan entrenatu zen, gerora hainbat aldiz munduko txapeldun izan aurretik».
Palista, fisioterapeuta eta Molinongo tabernaria Neska-lagunak asko maite duela dio Galanek, eta ez da harritzekoa, entrenamenduen eta lanaren artean aisialdirako denbora gutxi gelditzen baitzaio. Gijongoa egunero entrenatzen da, baita asteburuetan ere, eta entrenamenduak hiru ogibiderekin tartekatzen ditu.
Egunero hiru ordu egiten ditu Covadonga elkarteko errehabilitazio aretoan. Handik irtetean osasun etxe batera joaten da, sei orduz gutxitu fisikoei errehabilitazio lanean laguntzeko. Hori gutxi balitz bezala, igandeetan Galanek Molinongo futbol zelaiko tabernetan dihardu. «Nire aitak futbol zelaiko tabernen kontzesioa du eta hori etxeko negozioa da. Partida dagoenean zerbitzatu egiten dut, eta partidarik ez dagoenean kontuen ardura daukat».