Frontis enpresaren Mastersa finalerdietan sartu da

Ariznabarreta-Badiolak jokatuko dute bat, Arretxe-Armendarizek bestea
Berria

Heldu den larunbatean jokatuko dira Frontis enpresak antolatutako masterseko bi finalerdiak. Karmelo Ariznabarreta eta Andoni Badiola bizkaitarrek jokatuko dute bat, eta Fernando Arretxe eta Karlos Armendariz nafarrek bestea.

Urte osoan antolatu dituzten txapelketak aintzat hartuta, pilotari onenak elkarren kontra jarri ditu Frontisek bere mastersean. Joan den larunbatean eta igandean jokatu ziren aurreneko partidak, Barakaldon, eta Arretxe eta Armendariz izan dira finalerdietarako txartela lortu duten azken biak. Altuna gaztea hartu zuen mendean Arretxek (22-10). Boleaz eta sotamanoz nahastu zuen lehen zatian. Erreakzionatu zuen Altunak bigarrenean, baina hura konturatzerako alde handia zeukan Arretxek jada, eta ez zuen zailtasunik izan partida aurrera ateratzeko. Armendarizek lan gehiago izan zuen Barberito VI.a kanporatzeko. Partida bizia eta ikusgarria jokatu zuten biek, eta zaila izan da haren parekorik beste bat jokatzea. 19-11 joan zen Armendariz aurretik, finalerdietarako txartela lortzeko ez zuela arazorik izango zirudien, baina sekulakoa izan zen Barberitoren erreakzioa. Saketik egin zion min Armendarizi, eta gantxoz egin zuen tanto mordoa. 19-18 hurbildu zen, baina txapapera bidalitako gantxo batekin bueltatu zion sakea kontrarioari, eta zuzenean joan zen Armendariz 22ra. Beste finalerdia, Ariznabarretak eta Badiolak jokatuko dute, larunbatean. Larraiari irabazi zion Ariznabarretak (22-6), eta Alustiza kanporatu zuen Badiolak (13-22).

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE