Frontisek larunbatean jarriko du martxan Masterra

PZPko zortzi pilotari onenek hartuko dute parte txapelketan

Unai ARTETXE / Gara

Hurrengo larunbatean jarriko da abian Frontistek antolatutako Lau eta Erdiko Masterra, Barakaldés Barakaldoko Udal pilotalekuan.

Iaz sorturiko Pilota Zirkuitu Profesionaleko zortzi pilotari onenek hartuko dute parte txapelketan: Armendarizek, Alustizak, Ariznabarretak, Arretxek, Altunak, Larraiak, Badiola III.ak eta Barberito VI.ak. Ordezko pilotaria, ostera, Nagore izango da.

PZPko sailkapena egiterakoan Nafarroan, Bizkaian, Araban, Errioxan eta Gipuzkoan jokatutako Irekiak aintzat hartu dituzte. Nafarroako Lau eta Erdikoa Martin Alustizak irabazi zuen, Bizkaikoan Karlos Armendariz gailendu zen, eta Arabako Binakakoan Armendariz bera eta Larraia izan ziren onenak. Errioxan ere binaka jokatu zuten txapelketa, eta Barberito VI.a eta Altuna izan ziren nagusi. Jokatutako azkeneko Irekian, Gipuzkoako Lau eta Erdikoan, enpresak egindako azken fitxaketak, Jorge Nagorek, erdietsi zuen garaipena.

Hala, Karmelo Ariznabarretak eta Xabier Larraiak hasiko dute Masterra. Galdakaoko aurrelari beteranoa ZPZko hirugarren sailkatua da, eta denboraldi txukuna egiten ari da. Aurrean Larraia burlatarra izango du, Binakako Irekietan maila ona eman duen pilotaria. Izan ere, Arabako Irekia irabazteaz gain, Errioxakoan azpitxalendun izan zen.

Neurketa horren ostean, final-laurdenetako beste norgehiagoka jokatuko dute. Martin Alustizak, ZPZko bigarren sailkatuak, Badiola III.a izango du aurkari. Segurakoa memento oso onean dago, eta bera izango da faborito, nahiz eta bere aurkaria finalera iritsi zen Bizkaiko Lau eta Erdikoan.

Igandean, final-laurdenetako beste neurketa bi jokatuko dituzte. Arretxe eta Altuna aurrez aurre 12.00etatik aurrera; eta, ondoren, Armendariz eta Barberito VI.a lehiatuko dira.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE