Asteburu honetan jokatuko dira Asegarceren multzoko final-laurdenak
IMANOL MAGRO/Berria
Bigarren mailako Eskuz Banakako Txapelketan asteburu honetan argituko da finalerdietan zein lau pilotari ariko diren. Lehen mailako txapelketaren itzalean jaialdietako lehen eta hirugarren partidetan, azken txanpara iritsi da bigarren mailako manomanista.
Aspeko multzoan jada jakinekoa da zeintzuk izango diren finalerdietan jokatuko duten pilotariak. Xabi Galarza eta Xabi Urberuaga aise sailkatu dira. Biek partida bana jokatu eta arazorik gabe lortu dute finalerdietarako txartela. Urberuagak Eulate kanporatu zuen (22-8). Galarzak, berriz, Baleztena(22-8). Asegarceren multzoko final-laurdenak asteburu honetan jokatuko dira. Bilboko enpresak hamalau pilotariko multzoa antolatu zuen, eta sailkatze faseek hilabete baino gehiago iraun dute. Lehen final-laurdena larunbatean jokatuko da, Zarautzen. Jaialdiko lehen partidan Iñigo Leiza Alberto Belokiren aurka arituko da. Leizak txapelketako lehen partida jokatuko du. Iaz txapelketako finalerdietara iritsi ostean enpresak multzoko zerrendaburu gisa sartu baitu lemoarra.
Leizak udako hainbat torneo jokatu zituen, eta lau t’erdiko txapelketan Patxi Eugi kanporatu zuen. Halere Asegarcek ez dio lehen mailako kanporaketa aurrekoa jokatzeko aukerarik eman, eta, berriz ere, bigarren mailakoan ariko da. Larunbatean Alberto Beloki izango du aurkari. Burlatako atzelariak joko maila handia erakutsi du. Aurrez, Beloki gazteak arazorik gabe hartu ditu mendean Pinedo (22-10) eta Eskudero (22-9).Beste final-laurdena astelehen arratsaldean jokatuko da, Tolosako Beotibarren. Jaialdiko lehen partidan Fernando Medinak Raimundo Blanco Rai-ren aurka jokatuko du. Iazko lehen mailako manomanistan aitzin partidan kanporatua izan ondoren, Raik bigarren mailako txapelketan jokatzeko aukera eskatu dio enpresari. 2001ean lehen mailako txapelketako finalerdiak jokatu zituenetik espainiarraren jokoak behera egin du urtero. Eskuko arazoek ez diote bere onena ematen utzi, eta iragan neguan ebaketa egitea erabaki zuen. Aurten, bigarren mailakoa jokatuz, berriz ere lehen mailako txapelketa jokatzeko eskubidea irabazi nahi du. Halere ez du hasiera erraza izango, Fernando Medinak hiru partida irabazi baititu jada. Iragan asteburuan Aritz Begino aise kanporatu zuen (22-8).
Enpresek osatuko dituzte finalerdietako partidak Bigarren mailako txapelketak ez du lehen mailakoaren errespeturik jaso. Jaialdietako betegarri huts izateaz gain, antolakuntza mailan 2. mailako txapelketak enpresen utzikeria jasan behar du. Izan ere, enpresek ez dute kanporaketa koadro ofizialik diseinatu.
Txapelketa hasi aurretik Aspek eta Asegarcek euren pilotariak finalerdietan gurutzatuko zirela aurreratu zuten, halere parekaketak nola eratuko ziren ez zuten zehaztu. Asegarcek bere multzotik finalerdietarako sailkatzen diren bi pilotariak ezagutzen dituenean, enpresetako ordezkariek erabakiko dituzte zeintzuk izango diren finalerdietako partidak.