Batek beharra, besteak saria

Olaizola II.ak eta Zearrak pilota mota oso desberdinak aukeratu dituzte igandeko partidarako

Aimar Olaizolak eta Oier Zearrak heldu den igandean jokatuko duten partidarako pilota aukeraketa egin zuten atzo goizean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Pilota oso desberdinak aukeratu zituzten, euren jokatzeko moduak bezain desberdinak. Biek ere, modu ezin ezberdinagoan egingo diote aurre igandeko lehiari. Olaizolak txapela irabazteko faboritoa izateak duen zama izango du bere gain. Zearrak, ostera, igandeko partida «saria» dela onartu du.

Atanon ehun ikusle inguru bildu ziren. Gehienak, aukeraketaasko eta asko ikusitako edadetuak ziren. Atzo askok harridura keinuak egin zituzten, bi pilotariek arauzko denbora ia guztia xahutu zutelako. Bukaeran, ordea, biek gustuko pilotak aurkituz zituztela onartu zuten. Olaizolak eta Zearrak pilota ezin desberdinagoak hautatu zituzten. Goizuetarrak 105,6 eta 104,1 gramokoak aukeratu zituen. Mugitzeko zailak eta frontisetik gutxi irteten direnak: erremate jokorako aproposak. Zearrak, berriz, pilota arinagoak hartu zituen, 104,4 eta 102,5 gramokoak. Frontisetik luze irten eta mugitzeko errazak diren pilotak hautatu zituen. Aukeraketaren ondoren Aimar Olaizola ilusioz beterik agertu zen kazetarien aurrean. Binakako txapelketa eskuetatik justu bukatu zuela onartu bazuen ere, azken asteetan guztiz sendatu dituelako. Gai berean, txapelketari sasoiko ekingo diola azaldu zuen. «Oso gustura aritu naiz entrenamenduetan, oso ondo ikusi dut neure burua. Aurten gainera eskuin kolpea berreskuratu dut, azken partidetan oso bizi jo dut eskuinarekin». Goizuetarra fisikoki ondo badago, txapela lortzeko faboritoen zerrendan derrigor sartu beharra dago. Berak, ordea, ez du hain garbi ikusten. «Azken urteetan faborito etiketa jarri didate eta ez nau arduratzen, halakoei ez diet kasurik egiten». Eskuz Banakako azken bi txapelketetan Olaizola finalera eta finalerdietara iritsi den arren, aurten ez dio helbururik jarri bere buruari. Garrantzitsuena lehen partida irabaztea dela aitortu zuen, «datorren urtean berriz ere goian egoteko».

Lehen partida hori igandean jokatuko du, eta ondo daki ez dela erraza izango. Goizuetarraren iritziz Zearra koadroko «pilotari indartsuenetarikoa» da. Aurkariaren jokoaz mintzatzean, bi eskuekin oso trebea eta piloteo luzean eroso aritzen dela nabarmendu zuen. Partidako gakoak aztertzean, sakearen garrantziaz mintzatu zen. «Buruz buru ez dago sekreturik, jokatzea oso erraza da. Manomanistaren gakoa sakean dago, errestatzaile ona izanda ere, ondo sakatuz gero hasieratik agindu baitezakezu».

Igandekoa elkarren aurka jokatuko duten hirugarren aldia izango da. Iaz neurtu zituzten indarrak azkenekoz, banakako txapelketaren final-laurdenetan. Ordukoan Olaizolak erraz irabazi zuen (22-8). Halere, goizuetarraren aburuz iazkoa ezin da erreferentzi baliagarritzat hartu. «Beti esan dut aurrez jokaturikoek ez dutela zerikusirik».

Zearraren saria Kazetarien aurrean agertu zenean Oier Zearrak argi eta garbi utzi zuen igandean presiorik gabe irtengo dela. Bere helburua lehen zortzien artean sartzea ei zen, eta igandeko partida sari bat dela onartu zuen. «Niretzat hemen egotea saria da, horrek baina, ez du esan nahi irabazten saiatuko ez naizenik». Galdakoztarraren ustetan igandeko partida oso gogorra izango da, eta bere onenak eman ezean ez du irabazteko aukerarik izango. «Piloteoan agintzea lortuz gero nire aukerak izango ditut, Aimarren aurka agintzea, ordea, ezin zailagoa izaten da».

Aurkariari buruz hitz egitean, lore sorta bota zion Olaizolari, eta txapelketa irabazteko faboritoen artean sartu zuen. «Aimar manomanista oso ona da eta nire iritziz txapelerako faboritoetako bat da, Xalarekin eta Irujorekin batera». Olaizolak egin bezala, Zearrak ere, garrantzia kendu zien aurrez jokaturiko partidei, biak garai eta egoera oso desberdinetan jokatu zirelako.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE