«Ez diot neure buruari galdetu noiz arte jarraitu behar duen» Martín Alustiza

43 urterekin bigarren gaztaroa bizi du. Abenduan Nafarroako Irekia irabazi zuen eta etzi Gipuzkoako Irekiaren finalean ariko da.

IMANOL MAGRO / Berria

Segurako aurrelari beteranoa sasoiko dago. Astean bost egunez entrenatzen du eta jokatzen jarraitzeko gogorik ez zaio falta. Lanaren eta ilusioaren fruitu etzi Gipuzkoako Irekiaren finala jokatuko du, Arrasaten (12:00). Aurrean, baina, Jorge Nagore izango du, lau t’erdiko espezialista handiena.

Nola ikusten duzu igandeko finala?

Partida zaila izango da, aurrean Jorge Nagore izango dudalako. Espezialista handia da eta punta-puntako pilotaria. Bera, enpresa handietako txapelketetan ere, edonoren aurka irabazteko gai da. Errespetu handia diot. Halere nik itxaropena daukat, irabaztea oso zaila izango dela baldin badakit ere.

Ba al dago Nagoreri lau t’erdian irabazteko modurik?

Nik dena oso ondo egin beharko dut, eta berak ez hain ondo. Oso zaila da hari irabaztea. Ni, berak uzten badit behintzat, tantoa lehenbailehen amaitzen saiatu beharko naiz, errematea bilatzen. Nire arma hori izango da. Normalean, baina, berak jartzen du partidako erritmoa eta hori mozteko nik arriskatu egin beharko dut.

Aurretik Larraia eta Ariznabarreta kanporatu dituzu, finalerako bidea ez da erraza izan.

Ez, ez da erraza izan, Larraiaren aurka uste baino errazago irabazi banuen ere. Finalerdian Karmeloren aurkako partida oso gogorra izan zen. Oro har gustura gelditu naiz erakutsiriko mailarekin. Orain finala jokatzeko gogoz nago, baina beldur apur batekin, arerioa Nagore baita.

Udazkenean Nafarroako Irekia irabazi zenuen, zirkuituko sailkapeneko goialdean zaude eta orain Gipuzkoako finala. 43 urterekin bigarren gaztaroa bizitzen ari al zara?

Ez dakit bigarrena edo hirugarrena den! Nik ez diot horri begiratzen. Nik beti bezala entrenatzen dut eta pilotan jokatzeko ilusioa bizirik daukat. Gainera enpresako beteranook oso zailduak gaude eta horrek asko laguntzen digu lehiatzeko garaian.

Enpresa txikietako txapelketetan motibazioa bera al da?

Motibazioa ez da duela hamabi edo hamalau urteko bera. Enpresa handietan motibazioa eta presioa handiagoa izaten dela badakigu. Frontisen ari garen beteranook mila gerratan aritutakoak gara eta larre motzean oso ohituta gaude. Halere, pilotan jokatzea oso gogoko dugu eta ilusioz aritzen gara. Hori da gure motibazioa.

Eta prestaketa? Berdina al da?

Gutxi gorabehera, bai. Astean hiru egunetan korrika saioak egiten ditut, eta bitan pilotaleku lana. Asteazken iluntzetan pilotaleku saio gogorra egiten dut, Usurbilgo afizonatuekin. Gero, normalean, astebukaeran partida jokatzen dut.

Urte bat egin duzu Frontisen. Zein da egiten duzun azterketa?

Frontisen lehenbiziko urtea oso positiboa izan dela uste dut, udaz gain, negua ere nahiko ondo igaro dugulako. Udaletxeek eta pilotazaleek Frontis enpresa serioa dela ikusi dute, eta gauzak oso ondo egiten dituela. Gero, irekien eta zirkuituaren egitasmoak zerbait berria ekarri du pilota mundura, eta alde horretatik oso gustura nago.

Eta pilotari bezala?

Kirol mailan, nik uste baino maila hobea eman dut. Urtebetean 62 partida jokatu ditut eta maila onean aritu naiz, baita bizpairu egun jarraian jokatu behar izan ditudanean ere.

Uda iritsi aurretik Mastersa duzue, nola aurreikusten duzu?

Ilusioz, zirkuituko azken ireki hau bezala. Hori bai, neguan lau t’erdian partida asko jokatu ditugu eta pixka bat nekatuta nago. Banaka jokatzea binaka aritzea baino askoz gogorragoa da. Presioa ere handiagoa da eta azkenean pixka bat nekatuta bukatuko dudala uste dut.

Frontisen hainbat beteranorekin batera, gazte batzuk dabiltza. Horietatik norbait azpimarratuko al zenuke?

Gehienbat bi atzelari: Altuna eta Zabala. Biak indartsuak dira, eta oso ondo dabiltza. Gure enpresako gazteen artean horiek nabarmenduko nituzke. Joko asko eta izen gutxi dutenak dira, biak goiko enpresetan egoteko adinako pilotariak dira.

43 urterekin oraindik ondo pasatzen al duzu jokatzen?

Bai, nik oso ondo pasatzen dut jokatzen. Asko gozatzen dut partidetan eta entrenamenduetan. Askotan asteazken iluntzea noiz iritsiko desiatzen egoten naiz, lagunekin izerdi pixka bat bota eta jokatuz gozatzeko.

Azkenekoa: noiz arte pilotan? Ez dakit, gorputzak ‘krak’ egin arte. Nik gozatu egiten dut jokatzen eta errekuperatzeko ez dut arazorik izaten; hori da garrantzitsuena. Partida gogorra jokatu ostean minez ibiliko banintz pentsatuko nuke, baina oraindik ez diot neure buruari noiz arte jarraitu behar duen galdetu. Beste urtebete gelditzen zait Frontisen eta hori ziur beteko dut.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE