Txapeldunaren zalantzak

Irujok hatza pitzatu zuen astelehenean, eta bihar erabakiko du igandean jokatuko duen ala ez

IMANOL MAGRO / Berria

Patuak, beste behin, ziria sartu dio Manomanistako txapeldunari. Aurrez Eugiri, Belokiri, Barriolari eta Ruizi gertatu zitzaien bezala, Martinez Irujok ez dio punta-puntan ekingo txapela jantzi ondorengo lehen txapelketari. Hori, beti ere, igandean jokatzen badu. Izan ere, Iberokoak bihar egingo duen probaren ostean erabakiko du Asier Olaizolaren aurka jokatu edo ez. Irujok ezker hatzeko hatz txikia pitzatu zuen astelehenean eta atzo oso handituta zeukan. Txapeldunak esku bakarrarekin egin zuen pilota hautaketa.

Irujok atzo jakinarazi zuen hatza minberatuta zuela, Olaizolarekin batera Bergaran eginiko pilota aukeraketan. Iberokoak eskuin eskuarekin hautatu zituen pilotak, ezkerrean takorik ere ez zuen jantzi. Esku biluziaren azalpenak harritu egin zituen kazetariak. «Ezker eskuko hatz txikian fisura tipi bat daukat; hatz hori ondo sendatu gabe dago. Bihar proba gogor bat egingo dut igandean jokatuko dudan ala ez erabakitzeko». Manomanistako txapeldunari iragan astelehenean pitzatu zitzaion hatza, Xabi Galartzarekin entrenatzen zebilela. Irujok hatz bera hautsi zuen iazko San Fermin torneoan.Herenegun Patxi Ruizekin gertatu legez, atzerapenaren aukera baztertua dago eta horrek txapeldunaren zalantzak areagotu ditu. «Zalantza baino gehiago da, fisura ez baita edonolako lesioa. Lehiatzeko gai ez banaiz ez dut jokatuko, ostiralean ezbaian banago ez dut jokatuko». Halere Irujok ez zuen baztertu hatza anestesiatuta edo babestuta jokatzeko aukera. Iazko txapeldunak ez du Manomanista tajuz prestatzerik izan. Duela hiru aste gripe gogor batek entrenamenduak eten zizkion. Aste honetan, berriz, hatza hautsi du. Hainbeste eragozpenek, ordea, ez dute Iberokoa abaildu, eta berak akuilutzat erabili nahi dituela esan zuen. «Partida ondo prestatu ez badut ere, eragozpenak motibazio iturri izan daitezke. Ea guzti honek amorru gehiagorekin jokatzen laguntzen didan». Txapelduna bera izanagatik ez zuen bere burua faboritotzat jo. Hatza aitzakia hartuta, aurkaria nabarmendu zuen. «Ni faborito? Jokatuko dudan ere ez dakit eta!». Olaizolari buruz hitz egiterakoan, iazko partidako errefrentziak ez duela deus balio azpimarratu zuen (22-11 Irujoren alde). Iberokoa konforme gelditu zen aukeraturiko pilotekin, berak biziagoak aurkitzea espero bazuen ere. 103,1 eta 103,2 gramokoak hautatu zituen.

Olaizola: «Berak du presioa, nik ez dut deus galtzeko» Asier Olaizola bakarrik aritu zen pilotak aukeratzen. Isil eta serio, pilotalekuan bakarrik balego bezala, txapeldunaren inguruko zalapartaren eraginetik at. Goizuetarrak 103,8 eta 104,3 gramoko pilotak hautatu zituen, frontisetik bizi irteten direnak.

Binakakotik kanpora gelditu ostean goizuetarra betilundu egin zen. Geroztik adierazpenak berarengan ohikoa den baino leunago egin ditu. Atzo, ezkor ageri zen. «Ez nago nahiko nukeen bezain ongi, entrenamenduetako sentsazioak ez baitira onak izan. Halere, moral aldetik ondo nago».

Olaizolatar nagusia triste dagoela dirudi, anbiziorik gabe. Berak ukatu egiten zuen hori eta sasoi txarrari egotzi zion bere ezkortasuna. «Triste? Ez, baina gauzak diren bezala onartu behar dira. Iaz oso ondo nengoen, aurten, ostera, ez dut nire burua ondo ikusi». Kutsu ezkor berean, Irujo jo zuen faborito iganderako. Berak ez dauka ezer galtzeko, Iberokoak, aldiz, txapeldun izatearen presioari aurre egin beharko dio. «Presioa bere gain dago, txapelduna dela erakutsi behar du. Nik ez dut deus galtzeko».

Bi agerpenen bukaeran, Irujok eta Olaizolak Mikel Goñi izan zuten hizpide. Irujok Goñirekin harreman ona duela nabarmendu zuen, eta hasieran asko lagundu ziola. Iberokoak zortea opa zion Goñiri, «jokatzen jarrai dezan». Olaizolak ere, zortea opa zion, eta Oronozkoak jokatzen jarraitzeko aukera izango duela esan zuen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE