Hau da errealitatea. Zorionez, gutxi batzuentzat, zoritxarrez beste gehienentzat, baina joan den aste honetan gertatu denak laburbiltzen du egun pilotak bizi duen egoera. Gure kirol sailaren eguneroko bilera batean entzundakoa da honako hau: Pilotan aste honetan zer? Manomanistak atseden hartuko du astebetez eta beste guztiei tartea egiteko baliatuko dugu hori. Tartea papurren lehian dabiltzan enpresa txikiagoei, tartea erramintari, tartea afizionatuei, tartea trinketari
Asegarce eta Aspe, Aspe eta Asegarce. EPELen lehiaketentzat eta telebistan agertzen direnentzat bakarrik dago tokia egun. Hori da zaleek eskatzen dutena, eta hori da komunikabideek zaleari ematen diotena. Pilota mundua ezagutzen duen edonork daki hori, eta etsita onartzen dute gehienek errealitatea.Lehiaketa nagusien atseden uneek ematen diote arnasa itxuraz maila kaskarragokoak omen diren besteei. Astebeteko atseden horri esker jakin dugu pilota eta pilotari buruzkoak beste era batera ulertzen dituzten enpresak sortu berri direla. Turismo, kongresu eta konbentzioen zirkuituan tarte bat egin nahian jarri direla abian Ordago esku-huskako enpresa eta Euskal Jai Alai zesta-puntakoa. Profesionaltasunaz haratago, pilota bere oinarrietara bueltatu nahi dutela, eta kultur ondare moduan aurkeztu nahi dietela gurera datozenei, edo gure berri kanpoan izan nahi dutenei.Astebeteko atseden horri esker jakin dugu Euskadiko Pala Txapelketaren finala jokatu dela. Fusto-Larrinaga bikoteak irabazi duela, Gaubeka-Galanen kontra. Bizkaitarrak direla Larrinaga eta Gaubeka. Argentinatik etorritakoa dela Fusto, eta jokatzen duen aldiko 300 kilometro egiten dituela joan-etorrian Galanek, Gijondik. Harrigarria dela, baina Deportivoko erreserban bizirik dirauen modalitatea dela jakin dugu berriz, papurren lehian jarraitu arren, eta enpresa zuzentzen dutenen pentsamoldea, jarrerak eta eskemak duela 30 urteko berberak izan arren. Esku artean produktu ona izatea erabat garrantzitsua baita, baina produktu hori modu egokian saltzea da gaur egun garrantzitsuagoa. Batzuk ez dira horretaz konturatu oraindik.Eta Manomanistaren astebeteko atsedenari esker jakin dugu hori guztia! Papurren artean ere tokatzen dira ale goxoak batzuetan. Badaukagu zer ikasi oraindik.
boteprontoan: Oharkabean pasatu diren adierazpen batzuen berri. Patxi Mutiloa Aspeko gerenteak joan den astean irratsaio batean esan eta www.manista.com webguneak berean jaso dituenak: Uste dut Mikel Goi pilotari moduan bere azkenetan dagoela. Joan den astelehenean Tolosako Beotibarren jokatzekoa zen, baina bezperan pasatutako gau txarrarenagatik gastroenteritisa aipatu zuten enpresatik ez zuen partida jokatzerik izan. Horri buruz galdetu zitzaionean etorri zen nonbati Patxi Mutiloaren erantzuna. Ulertu nahi eta ahal duenak uler beza.