Urriza eta Barrenetxeak Buruz Burukoaren finalean neurtuko dituzte bihar indarrak

Endika Barrenetxea eta Javier Urrizak erremontistek bihar beraien hirugarren final haundia jokatuko dute Buruz Buruko-Kutxabank Sari Nagusia Txapelketan.
Pasa den urtean, Barrenetxeak ez zuen txapelketa ona jokatu eta finaletik kanpo geratu zen ligaxkan. Orain bi urte irabazi zuen txapela hernaniarrak, Urriza 30-27 gainditu eta gero. Iruindarraren bolada ona apurtu zuen, honek lau txapela jarraian irabazi eta gero. 2016an jokatu zuten bien arteko aurreneko finala Buruz Burukoan eta orduan Urriza gailendu zen 30-21.


Barrenetxeak Aritz Zubiri goizuetarra izango du botillero eta Urrizak Seve Arcelus. Asteartean aukeratu zituzten finalerako pelotak eta biak gustora geratu ziren. Barrenetxearenak biziagoak izango dira. «Ez dut materiala aukeratu estrategia jakin baten arabera. 0-10eko eskala egin beharko balitz, nireak 8,5 izango lirateke bizitasunean». Urrizari irabazteko, dena alde izan beharko duela uste du. «Dena ondo egin behar dut, horregatik gustokoak ditudan pelotak aukeratu ditut».

«Bion arteko finalak erremontearen historian gogoratuko direla pentsatzeak asko betetzen nau»
Badaki Urrizari irabaztea zaila izango dela. «Nahiz eta errebotera bota, Javik erdiak baino gehiago bueltatuko dizkit eta horietatik hamarretik zazpi bizi iritsiko zaizkit. Horregatik pelotakada bat gehiago eman eta gainera arriskatu egin beharko dela tantoa amaitzeko pentsatu behar da. Arriskatzen denean gerta liteke asmatzea edo ez».
Buruz Burukoan eta Masterrean lortu zuen hernaniarrak irabaztea eta ilusioa egiten dio Barrenetxea eta Urrizaren arteko partiduak oroitzekoak izatea. «Gehien betetzen nauena pelotari bezala da ikustea gure arteko finalak erremontearen historiaren kapitulu garrantzitsu bat ari direla bihurtzen».
Biharkoa bien arteko desenpatea izango da finaletan eta Barrenetxea bera finalerdietan ere birritan geratu izan da kanpoan Urrizak gaindituta. «Masterrean ere partidu dezente jokatu ditugu bata bestearen kontra. Urte ezin hobea darama, jokaturiko txapelketa denak irabazi ditu eta ea azkenengo honetan gainditzen dudan».


Ligaxkan jokatu zuten partiduarekin alderatuta konfiantza gehiagorekin dagoela aipatzen du Barrenetxeak. «Ongi somatzen naiz fisikoki, xextoarekin ongi aurkitzen naiz, jokoarekin nago eta galtzeko gutxi dudala uste dut. Denborarekin esperientzia lortu dut kantxan eta beste lasaitasun bat daukat jokatzeko garaian. Gehiago gozatzen dut partiduetan eta gaitasuna daukat partiduan zehar zer egin behar dudan pentsatzeko garaian. Larunbatean disfrutatzera aterako naiz kantxara, bestetan urduriago egoten naiz».

«Errestoan ausarta izan behar dut», dio Urrizak

Javier Urrizak final asko jokatu arren, hamar dira jarraian Buruz Burukoan, finala beti da berezia eta gogo biziz aurkitzen da. «Urteko helburu nagusia final honetan egotea da eta birentzako bakarrik dago lekua. Ilusioa mantentzen dut».
Barrenetxearen sakeak min ez egitea izango da bere lehendabiziko helburua. «Errestoan ausarta izan behar dut, sakatzaile ona da beraz tanto asko egiten badizkit, nire sakearekin aurre egin beharko diot eta balantzea parekatu. Hortik aurrera peloteoan menderatzen saiatuko naiz. Bat gehiago eramaten saiatuko naiz, hori da nire jokamoldea».

BURUZ BURUKOA
PALMARESA

1944 Abrego I.a
1952 Areso1981 Intxauspe
1986 Agerre
1987 Intxauspe
1988 Mujika I.a
1989 Matxin II.a
1990 Matxin II.a
1991 Mujika I.
1992 Matxin II.a
1993 Aizpuru
1994 Matxin II.a
1995 Ezkurra
1996 Ezkurra
1997 Ezkurra
1998 Ezkurra
1999 Ezkurra
2000 Lizaso
2001 Ezkurra
2002 Ezkurra
2003 Eizagirre
2004 Ezkurra
2005 Ezkurra
2006 Zeberio
2007 Zeberio
2008 Urrutia

2009 Urrutia
2010 Ezkurra
2011 Ezkurra
2012 Urriza
2013 Urriza
2014 San Miguel
2015 Urriza
2016 Urriza
2017 Urriza
2018 Urriza
2019 Barrenetxea IV.a
2020 Urriza

TXAPELAK
11 Ezkurra
7 Urriza
4 Matxin II
2 Mujika I
2 Zeberio II
2 Intxauspe
2 Urrutia I
1 Lizaso 1
1 Eizagirre
1 Aizpuru
1 Abrego
1 Areso
1 San Miguel
1 Barrenetxea IV

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE