Profesionaletan dabiltzan hogei pilotariek izango dute kontratua enpresa berrian
Gara
EPBk ekin dio jadanik bere ibilbide berriari. Hemendik aurrera, pilotako enpresa bat izango da, Aspe, Asegarce edo Frontis bezalakoa. Trinketean zurrunbilo handia sortu du, baina pilota munduko gehienak bat datoz etorkizunerako beharrezkoa dela onartzerakoan.
Orain arte, lehiaketak bakarrik antolatzen aritu dira, baina hemendik aurrera pilotariak kontratupean izango ditu, eta berezkoetan zeuden hogei pilotariak EPBko kide izango dira. Jean Michel Idiart da bertako arduraduna, eta berak esan zuen zein izango diren helburuak: «trinketeko esku pilotak aurrera egiteko beharrezkoa zen zerbait da. Gure asmoa trinketeko esku pilota erabat profesionalizatu, indartu, eta zabaltzea da, nahiz eta apurka-apurka joan behar den», esan zuen.
Juridikoki arazorik ez dutela izango ere esan zuen: «Pilotari guztiek federazioan utzi dituzte lizentziak, beraz ez daude inongo federazioen menpe. Partidak jokatzeko aseguru bat behar da, eta urteko mediku agiria. Guzti horiek badituzte, eta ez dago jokatzeko arazorik. Prefekturan baimena eskatzea nahikoa, beste edozien kontzertu eta ikuskizunekin gertatzen den moduan», onartu zuen.
EPB Ipar Euskal Herriko pilotarien enpresa bakarrik izango ez dela ere baieztatu zuen: «Hau ez da Iparraldeko pilotarientzat bakarrik izango. Ezker partean dauden modukoa da. Hego Euskal Herrian Mexikon edo beste edozein lekutan maila handiko pilotari bat agertzen bada, gurera ekartzen saiatuko gara. Gure asmoa hau zabaltzea da, eta horretarako ETBrekin akordioren bat lortzea ere garrantzizkoa litatzeke, urtean partida kopuru bat eman ahal izateko», onartu zuen.
Frantziako Federazioak pilotariei buruz esandakoa ere gezurtatu zuen: «Berak urduri daude, eta normala da. Pilotariek nahi dutena egin zutela esaten dute, baina ez da horrela. Iaz barrageak ez kentzeagatik ez zuten lehiaketarik jokatu, eta zigortu egin zituzten, eta aurten barrageak kendu dituzte. Arrazoirik izan ez balute egingo al zuten hori?», esan zuen. Bere inguruan esandakoei buruz zera esan zuen: «Azkeneko prentsa agerraldian gauza asko esan zituzten nire aurka, baina badakite esandakoa ez dela egia. Nik ez dut nire onurarako Federazio babeslerik eraman», adierazi zuen.
EPB hogei pilotarik osatuko dute, elite maila duten guztiek. Jean Michel Idiart izango da enpresako buru, eta berarekin batera Christophe Mariluz, Jean Claude Biscouby, Olivier Françoise eta Christophe Sorondo izango dira.
Bestalde, atzo jakinarazi zuten, Binakako Txapelketaren ostean, Jean Claude Biscoubyk pilota utziko duela: «Bere azkeneko torneoa izango da. Hemendik aurrera, Jokin Etxanizek Apen duen lana izango du, arlo teknikoaz arduratuko da, eta tarteka partida batzuk jokatuko ditu».
Bestalde, Binakako Txapelketa apirilaren 4an hasiko da, eta maiatzaren 15ean amaituko da. Bertan, hamar biko lehiatuko dira, nahiz eta oraindik horiek zehazteko dauden. «Ez du federazioaren babesa eramango, eta Elite EPB Pro Torneoaren izena hartuko du», esan zuen. Federazioak garbi utzi zuen ahalegin guztia egingo zutela pilotariei trinketeak erabiltzea galaratzeko: «Hori ezin dute egin. Presioa egin dezakete, baina trinketeak pribatuak edota herriko etxeenak izaten dira, beraz, hor ere ez dute arrazoirik», esanez amaitu zuen jarduna Idiartek.
Paxkal Ezkurra: «Hau beharrezkoa zen»
EPB, pilotarientzat gauza ona dela onartu zuen atzo Paxkal Ezkurrak, berezkoetan etorkizunik handienetakoa duen pilotariak: «Guk beti aitzinera begiratu nahi dugu, eta uste dut aukera oso ona dela guretzat». «Jende askok uste zuen Iparraldean horrelako zerbait egitea ezinezkoa zela, baina pilotariek aurrera egiteko ezinbestekoa dela ikusten dugu», erantsi zuen Urruñako atzelariak.
Paxkalek garbi dauka etorkizunean enpresa berri honek FrantziakoFederazioarekin sortu diren arazoak konponduko dituela: «Nik uste dut azkenean dena konponduko dela, nahiz eta orain zaila ematen duen. Azkenean, jendea konturatuko dela uste dut, trinketean enpresa batekin lan eginda, askoz ere hobe dela denentzat», onartu zuen. Azkenik, pilotariei ekarriko dizkien onurei buruz aritu zen urruñarra: «Nik uste dut dena hobea izango dela. Bai prestakuntzarako, bai lesioak osatzeko. Komunikabideekin ere harreman gehiago izango da, hemendik aurrera dena profesionalagoa izango da, eta aurrera egiteko hau beharrezkoa zela uste dut», esanez amaitu zuen Paxkal Ezkurrak.