GOIKO ETA AIMAR, BIKOTERIK SENDOENA HONDARRIBIAN

GOIKOETXEA-AIMAR vs OLHARAN-DEL RIO: 15-9, 15-14
ARBE-LÓPEZ vs HORMAETXEA-MANCI: 15-10, 15-8

Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabal Hondarribiko Grand Slameko finalerdietara sailkatu dira. Txapelketan parte hartzen ari diren sei bikoteetatik, eurek dira sailkapena lortzen lehenengoak, eta momentuz, bakarrak. Ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia falta da, eta datorren ostiralean, gainontzeko bost bikoteetatik hiruk lortuko dute aurrera egitea. Bi kalean geratuko dira.

Izenez, hiru bikote «faborito» zeuden txapelketa honen hasieran. Erkiaga-Etxeto, Arbe-López eta Goiko-Aimar. Baina lehenengo bi jardunaldiak jokatuta, azken hauek izan dira soilik, estroposurik egin ez dutenak. Bitik bi irabazi dituzte. Ez errez, batzutan sufrituta ere bai, eta momenturen batzutan zorte apur batekin. Irabazleen zortearekin noski. Lehenengo partiduan, Erkiagak eta Etxetok baino tantu gutxiago egin zituzten, baina… hirugarren seta behartu eta 5-4 irabazi zieten. Atzokoan, Olharan eta Del Rio izan zituzten aurkari. Eroso ibili ziren lehenengo jokoan, 15-9 irabaziz, baina bigarrenean tanto faltan egon ziren Pabeko aurrelaria eta Gasteizko atzelaria (13-14). Hala ere, Goikok eta Aimarrek, hamalauna berdindu eta partidua irabaztea lortu zuten. Datorren ostiralean jakingo dugu euren multzotik zein den sailkapena lortzen duen beste bikotea. Erkiaga-Etxeto eta Olharan-Del Rio partiduan irabazten duena, alegia.

Goiko eta Aimarren sailkapena da jardunaldi honetako albiste bat. Bestea, Arbe eta López, bizirik daudela. Lehenengo jardunaldian huts egin zuten, 13-15, 6-15 galduz Beaskoetxea eta «Bullet» Zabalaren aurka. Atzo, ez zuten soilik garaipen bat behar. Garaipen argi bat beharrezkoa zuten, bai sailkapenari begira, eta bai konfiantza irabazte aldera ere. Etxeko lanak ondo egin zituzten. Hormaetxea eta Manciren aurka, 15-10 irabazi zuten lehenego seta (12-5 irabazten joan ziren) eta 15-8 bigarrena.

Beraz, hauxe da egoera:

Arbe eta Lópezek bi partidu jokatu dituzte. 2-0 galdu lehenengoa, 2-0 irabazi bigarrena. Galdutako partiduan, 19 tantu egin dituzte.

Beaskoetxeak eta Zabalak, partidu bat jokatu dute, eta bera irabazi, 2 eta 0.

Hormaetxeak eta Mancik, partidu bat jokatu dute, eta 2-0 galdu. 18 tantu egin dituzte.

Azken jardunaldian, Hormaetxea-Manci eta Beaskoetxea-Zabalaren arteko norgehiagoka izango dugu. Lehenengoek derrigor irabazi behar dute sailkatzeko. Eta ez die balio 2-1 irabazteak. 2-0 irabazi ezik, ez dira sailkatuko bermeotarra eta mutrikuarra.

Kasu horretan berdinketa izango genuke, hiru bikoteek garaipen eta porrot kopuru bera, eta irabazi eta galdutako set kopuru bera. Tanto-averageak erabakiko luke sailkapena. Gogoratu: galdutako partiduan 19 tantu Arbek eta Lópezek, eta 18 Hormaetxeak eta Mancik.

Baina Diegok eta Zabalak set bakar bat egitea lortzen badute, ez da kalkulagailurik beharko. Hormaetxea eta Manci, kanpoan izango baitira.

Argazkia: EITB

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE