Berraondok eta Chafeek Eskuz Banakako Txapelketan aritzeko aurrekanporaketa dute gaur
IMANOL MAGRO / Berria
Binakako txapelketa oraindik amaitu ez bada ere, buruz burukoa ate joka dator jada. Enpresak txapelketa nagusian inskribatuko dituzten pilotariengan pentsatzen jarriak dira. Aspek zein Asegarcek zazpi edo zortzi izen oso garbi dituzte; azken tokiak nortzuk beteko dituzten, ordea, ez. Horretarako, bi enpresek aurrekanporaketa partidak antolatzea erabaki dute, pilotalekuak erabaki dezan nork parte hartuko duen.
Lehen aurrekanporaketa gaur gauean jokatuko da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan (22:00 ETB1). Gaurkoa Kilometroak jaiaren aldeko jaialdia izango da eta estelarraren aurretik Aritz Berraondo eta Ismael Chafee ariko dira elkarren aurka. Irabazleak Banakako Txapelketan parte hartzeko aukera izango du. Bi pilotariek ez dute gaurko partida taxuz prestatzeko aukerarik izan, astelehenean jakin baitzuten gaurko aurrekanporaketa jokatu behar zutela. Hasiera batean, kanporaketa hauek datorren asteburuan jokatzekoak ziren; enpresak, ordea, astebete aurreratu ditu Del Reyk eta Galarza V.ak jokatuko dute igandean Asperen bestea, eta Esainek eta Otxandorenak Asegarcerena. Gaurko partidan bi aurrelari ariko dira nor baino nor gehiago. Biak aurrelariak badira ere, ezaugarri eta kirol ibilbide oso desberdinak dituzte. Aritz Berraondok esperientzia handia du Bigarren Mailako buruz buruko txapelketan. Hiru final jokatu eta txapel bat jantzi du. 2002. urtean Bigarren Mailako txapeldun izan ondoren 2003an Lehen Mailako Manomanistan parte hartzeko eskubidea irabazi zuen, baina enpresak ez zuen sartu. Gaurkoan, orduan lortu ez zuen txartela eskuratu ahal izango du. Horretarako, baina, Ismael Txafeeren aurka irabazi beharko du. Irurtzungoak Manomanistan garaipen handirik lortu ez badu ere, lau t’erdiko txapelketan maila oso ona eman zuen Asier Olaizola eta Martinez Irujo kanporatu zituen.