Ugaitz Susperregi oiartzuarrak larunbatean egingo du debuta Oriamendi enpresarekin profesionaletan. 26 urte ditu, aurrelari bezala jokatzen du eta ilusio handia du bere ibilbide berrian.
Nahiz eta egun garrantzitsua izan lasai dago aurreko egunetan. «Oraindela aste batzuk bueltaka narabilen burua, baina egiari zor azken egunetan nahiko lasai nago eta pozik debutatzeko gogoekin».
Debuta Labakarekin egingo du eta aurrean izango dituzte Urrutia II eta Odei. «Labakarekin oso gustora aurkitzen naiz eta bere esperientziak segurtasuna ematen dit. Urrutiarekin ez du entrenamendurik egin. Gainera Odeirekin jokatzea oso pozgarria da, berarekin entrenatzen dut askotan eta elkarrekin egin behar genuen debuta».Hori ez zen posible izan orain bi aste hankeko fascitis baten ondorioz geldirik baitzegoen. «Makuluekin ibili naiz orain aste bat arte. Egia esateko nahiko azkar osatu naiz. Sendagilea eta fisioterapeutarekin ibili naiz eta ongi osatu naiz. Harrituta zeuden egin dudan hobekuntzarekin».Horri esker egingo du debuta, bi aste beranduago, joko garbian ibiltzen zen pilotaria. «Zubietan, Villabonan eta Oiartzunen jokatzen da joko garbia eta xestoarekin 14 urterekin hasi nintzen. Futbola, eskalada… beste kirolak ere egin ditut, baina nire gustokoena joko garbia zen». hala ere erremontea ezberdina dela argi du. Erremontera salto Ansa II.ari eskeri izan zen. «Biak magisteritza ikasi dugu, nahiz eta gela desberdinetan egon. Biak ere xestoarekin aritzen ginen gure kirolean eta animatu zidan Galarretan erremontea probatzera. Horrela hurbildu nintzen Galarretara».
Gustatu eta bertan jarraitu du. «Proiekzioa neukala esaten zidaten» eta aurrelari bezala hasi zen jokatzen. Joko garbian jokatzeak gauzak erraztu dizkio. «Xestoa ezaguna zait eta horrek laguntzen du, nahiz eta joko garbin pilota hartu egiten dugun eta hemen jo egiten den zuzenean». Bizio txikiak ere baditu. «Hori da duen alde txarretako bat. Joko garbiko bizio txikiak ditudala, baina beste aldetik abantailaren bat ere badu. Esaterako errebotea errebesez egiterakoan. Erremontean eskubiarekin egiten da eta joko garbian errebesa erabiltzen da. Galarretan errebesa erabiltzen dut eta natural ateratzen zait».Bere jokamoldeaz hitzegiterakoan argi du erasoa duela gustoko. «Horrek prezipitazioa ekartzen du eta Ansak esaten dit lasaiago jokatu behar dudala, atseden gehiagorekin, lasaiago, denbora emanez. Horregatik naiz aurrelaria eta ez atzelaria. Atzean lasaitasun eta patxada handiagoa behar da».
Gabeziaz hitzegiterakoan Ugaitz Susperregik argi du gauza asko dituela ikasteko, baina bat aipatzekotan «errestoa» aiàtzen du. «Pilota paretean sartzen denean xestoarekin, eskuin besoarekin sartu behar da ausart. Joko garbian errebesarekin asko sartzen gara paretean, baina hemen ez da posible horrela egitea errestoa eta hor hutsune bat dut, hobetu beharrekoa».Larunbatean animorik ez du faltako. «Lagunak eta etxekoak bertan iznago dira eta aste honetan herrian, Oiartzunen, jendeak gogoratzen dit partidua. Gainera sare sozialen bitartez debuta egingo dudala jende askok jakin du».