* Munduko Txapelketako errebantxa jokatuko dute LARUNBATEAN
* ETB 1ek gaueko 10etatik aurrera eskainiko ditu bi partiduak
* Emakumeek lehen aldiz hartuko dute parte jaialdi profesional batean.
Zesta-puntan lehen aldiz, emakumeen partidu bat ikusteko aukera izango da larunbat honetan Gernikan (18:00tan) jaialdi profesional batean.
Protagonistak, gipuzkoar bat, arabar bat eta bi bizkaitar dira. Urrian Munduko Txapelketako finala jokatu zuten laurak. Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra (uneotan, Zumaiako klubean dago), Eneritz Lizardi mutrikuarra (Danok Bat klubekoa), Ihart Arakistain sopeloztarra (Berriatuko klubekoa) eta Maialen Aldazabal berriatuarra (bere herriko klubean). Emakumeen zesta-puntak azken urteetan hartu duen indarraren adibide dira laurak. Zaharrena Lizardi da, eta 17 urte ditu. Gainerakoak gazteagoak. Eta hauen atzetik datozenak, asko eta asko dira. Zesta-eskolek azken urteetan egindako lan itzelaren emaitza da, eta emakumeen kirolari publiko askoren aurrean eta telebistan ikusgarritasuna emateko ahalegina.
Abenduak 18, Gernika Jai Alai (18:00tan)
MAITE-ENERITZ (Munduko Txapeldunak) vs IHART-MAIALEN (azpitxapeldunak)
Ondoren, desafio handia:ERKIAGA-LEKERIKA vs GOIKOETXEA-LOPEZ
Euskal Telebistari esker, partidu hauek Euskal Herri osoan ikusi ahal izango dira ETBren lehenengo kanalean gainera eta ikusgarritasuna emango zaio, ez zesta-puntari bakarrik, baita emakumeen kirolari ere, erreferentzia berriak sortuz.
Egun hauetan, frontoira egokitzeko beharrezko entseguak egiten ari dira emakume hauek (zesta-puntako argotean «entsaiatu» esaten baita, «entrenatu» beharrean). Gernikan ez dute normalean jokatzen, 57 metroko frontoi luzea da, eta pilotak ere ondo aukeratu behar dira, kantxa horretan jokatzeko.
Ikusmin handia sortu du gizonezkoen partiduak ere. Goikoetxea eta Lopez «garaitezinei» botatako desafioa da. Erkiagak eta Lekerikak etxean jokatuko dute, eta pelota bizia aurkitzen badute, estu jarri ditzateke bi zumaiarrak. Historia osoan izandako pilotari handienetakoak, bai Iñaki eta baita Imanol ere.
Sarrerak eskuratu ahal izateko: https://www.gernikajaialaipro.com/tienda/
Banakako Txapelketa
Aritz Erkiaga Ispasterko artista bezperan (abenduak 17) jokatuta iritsiko da Gernikako zita handira. Izan ere, Berriatuko Mendibarrenen final laurdenetako partiduak jokatu dira ostiralean, gaueko 21:00tan. Jokin Arbe txapelduna, Thibault Basque gaztearen kontra. Eta ondoren, Erkiaga vs Olharan. Beste bi final-laurdenak hilaren 23an jokatuko dituzte: Barandika vs López, Aimar vs Laduche.