Karrikart eta Biscouby kanpoan geratu dira

Jon LEUNDA / Gara

Larretxea-Rene Dermitek eta Ibarrola-Jean Claude Dermitek lortu zuten atzo Donibane Garazin, Cize Torneoko finalerdia jokatzeko txartela, eta hemendik bi astetara, bi biko horiek elkarren aurka arituko dira finalerako txartelaren lehian.

Larretxeak eta Rene Dermitek 50 eta 29 hartu zituzten mendean Etxeto eta Etxeberriri. Faboritoek ez zuten hutsik egin, eta aurreikuspenak bete zituzten. Emaitzak erakusten duen moduan, markagailuan eta jokoan alde dezente egon zen, eta irabazleek ez zuten aparteko larrialdirik pasatu. Bigarren partidan, Ibarrolak eta Jean Claude Dermitek 50 eta 40 menderatu zituzten, ezustean, Karrikart eta Biscouby. Partida orekatua izan zen, baina azken kintzeetan freskoen zeudenak eraman zuten garaipena.

Datorren astelehenean, final-laurdenetako beste bi norgehiagoka jokatuko dira. Lehenengoan, Sorhuet eta Maite Muskarditz eta Kurutxariren aurka neurtuko dira, eta bigarrengoan, berriz, Aranburu eta Ezkurra II.a Duhau eta Ozafrainen aurka. Berezkoen finalaren ostean, astelehenean ikusi ahal izango dira lehen aldiz, Ozafrain, txapelduna, eta Kurutxari, bigarrena, nahiz eta elkarren aurka ez aritu.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE