JAI ALAI WINTER SERIES: LEHENENGO FINALA

Jai Alai News

* BARANDIKA-LEKERIKA vs OLHARAN-ETCHETO* ASTELEHENEAN ETB 1en, 22:30tan


Ikusmin handia dago bihar Gernikan jokatuko den partidurako. Txapelketa hasieran faboritotzat jotzen ziren bi bikoteetako bat kalean geratuko da. A multzoko ligaxkako azken partidua jokatuko da eta aurrera jarraitu nahi duenak irabazi beharra dauka. Barandika eta Lekerika gernikarrak alde batetik, Jean Olharan eta Nicolas Etcheto bestetik. Pabeko aurrelariak eta Ahetzeko atzelariak ez dute publikoa alde izango baina Bearnoko hiriburutik autobus bat jarri dute astelehenean Gernikan izateko. Ikusmina handia da. Frontoia topera egongo da, sarrerak azkar ari dira saltzen eta Jai Alaira sartu nahi duenak, hobe du berehala sarrera erosi, txarteldegirako ez dira eta, asko geratuko. 


Bi bikoteak galtzetik datoz. A multzoan, Aritz Erkiaga eta Jon Zabala gehiago izan dira, beste bi bikoteak baino. Lehenengo partiduan, 2 set eta 1 irabazi zuten Ispasterkoak eta Markina-Xemeingoak Barandika eta Lekerikaren kontra. 12-15, 15-14, 5-3. Hiru puntu Erkiaga eta Zabalarentzat, puntu bat gernikarrentzat. Olharanek eta Etchetok emaitza kaxkarragoa lortu zuten. Partidu txarra jokatu zuten eta punturik batu gabe itzuli ziren etxera. 0-2 galdu zuten (12-15, 8-15). Beste lau puntu Erkiaga eta Zabalarentzat. Zazpi guztira.
Gogoratu, 2-0 irabaztea lau puntu direla, 2-1 irabaztea hiru puntu, 2-1 galtzea puntu bat, eta 2-0 galtzea, zero puntu.


Orain arteko partidu biak ikusita, Barandika eta Lekerika faboritotzar hartuko ditu batek baino gehiagok. Baina kontuz. Ondo dago gogoratzea Olharan eta Etchetok, bikote moduan, zelako maila duten. Dagoeneko ahaztuta 2017an Biarritzeko Munduko Kopa nortzuk irabazi zuten? eta 2018an Bartzelonako Munduko Txapelketan zein maila erakutsi zuten? Olharanek eta Etchetok bikote ikaragarria osatzen dute, baina noski, euren maila erakusten badute. Txapelketa honetan, momentuz, euren mailatik oso behera ikusi ditugu. Bihar argituko da, egun bateko kontua izan zen, ala gehiagokoa.


Argi dagoen gauza bakarra, bihar Gernikako Jai Alain ikaragarrizko jendetza batuko dela da. Xabiri, Unairi, Jean Dominique eta Nicolasi, zorte ona opa diegu. Partidu on bat joka dezatela, eta onenak irabaz dezala.


Otsailaren 28an, B multzoko ligaxkako azken partidua jokatuko dute Goikoetxeak eta Aimarrek, Arbe eta Lopezen kontra. Azken hauek 0-2 irabazi behar dute, aukerarik izateko. Kasu horretan hiruko berdinketa izango genuke eta tanto-averageak erabakiko luke zein bi bikote aurrera pasa, eta zein ez. Beaskoetxeak eta Aldazabalek adi jarraituko dute hilaren 28an gertatzen dena. Baina biharkoa da txapelketa honetako «lehenengo finala».


https://www.eitb.eus/eu/kirolak/pilota/bideoak/osoa/8665468/bideoa-jai-alai-winter-series-horrela-daude-gauzak-5-jardunaldiaren-atarian/

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE