Askoz gogorragoak

Oso bestelako partidak jokatu dira final-laurdenetako lehen jardunaldian; bigarrena zehaztuta dago

E. TELLERIA / Berria

Beste era batera hartu dute pilotariek final-laurdenetako jarduna. Aurrera egitea edo atzera gelditzea jokoan dagoenean oso bestela hartzen dira partidak, eta kontrakoa dioenak gutxi du arrazoitik. Pilotariek iragarritakoa gertatu da, besterik gabe, benetako txapelketa hasi dela. Gogortasunean irabazi du horregatik batzuetan, eta ikusgarritasunean galdu horregatik beste batzuetan. Kontraesana dirudi, baina txapelketak seriotasuna hartu duen unean ikusi dira partida astun eta piloteatuenak, eta jokoan ezer gutxi zegoenean gozatu du gehien jendeak.

Eta partida gogorrak ez du esan nahi ikusgarria ezin daitekenik izan. Erantzukizun guzti-guztia atzelarien esku utzi eta aurrelariak erabat ezkutatzen direnean, ordea, asko galtzen du ikuskizunak (larunbatean Barakaldon izan zirenei galdetu). Atzelari sasoiko baten mesedetan norberak arrisku gutxiago hartzea erabakitzea ez da gauza berbera (Titinek egin zuen antzeko zerbait, ostiralean, Urdulizen), eta izaten dira partidak zentzu praktiko hutsarengatik era batera edo bestera jokatzen direnak (Olaizola I.ak eta Zearrak garbi zuten noren kontra egin behar zuten herenegun). Hori bai, salbuespenak beti egoten dira. Txapelketako partida izan edo munduaren beste puntan dagoen herrixkako funtzioa izan berdin jokatzen dutenak. Galdetu Juan Martinez Irujori. Onerako edo txarrerako, beti berdin. Beti erasokor. Beti zirt edo zart. Lehenengo partida ongi atera zaio, bigarrena auskalo. Arriskatzen duenak hartzen ditu muturrekoak.

Otxandorenak ez du arazorik izango jokatzeko

Bete-betean jokatutako partidak izan dira final-laurdenetako laurak. Min hartuta zeudenak bueltatu egin dira bai Ruben Belokiri ez zion inolako arazorik eman bizkarrak, baina minik ez zuten beste batzuek nahiko larri bukatu zuten. Abel Barriolaren eskuin eskuak majo sufritu zuen ostiralean jokatutako partidaren bigarren zatian. Eskerrak lehen zatian lortutako errentari. Astelehenera arte, dena dela, ez du jokatuko eta izango du denbora ongi zaindu eta puntu-puntuan jartzeko.

Lehen jardunaldian eskuetatik sufritu duen bestea Iñaki Otxandorena da negu guztia darama sufritzen, zirkulazio arazoak ditu eta. Igandean Eibarren Asier Olaizolaren eta Oier Zearraren astinduei erantzun behar izan zien, etenik gabe. «Ez zen partida bereziki gogorra izan, baina lanak pilatu egin zitzaizkidan azkenerako. Asierren eskuin eskuak benetan egiten du mina. Eskuak? Egia da kargatu egin zitzaizkidala, baina ez dut batere arazorik ikusten hurrengo partidan aritzeko. Jokatu egingo dut», adierazi zion atzo Berriari.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE