GOIKOETXEA-SALEGI vs BARANDIKA-DEL RIO: 15-12, 15-9
ERKIAGA-ZABALA vs ARBE-IBARLUZEA: 15-8, 15-12
Giro itzela gaur gauean Markina-Xemeingo Unibertsitatean. Betekadatik oso urre egon da frontoia. Zutik egon diren ehundaka zaleei jesartzeko eskatuz gero, ez dakit guztientzat lekurik izango ote zen. Baina kopuru zehatzetik kanpo, albistea zera da: negu honetan Winter Seriesarekin zerbait aldatu dela. Jendeak Euskal Herrian nahi dituela pelotariak, hemen eraiki behar dela etorkizuna eta horretarako oinarriak orain ari garela eraikitzen. Momentu klabe batean gaude eta zaleak ematen ari diren erantzuna, txalotzekoa da.
Txaloz eta ohiuz hartu dute hain justu zaleek, Eñaut Salegi herriko pelotaria. Bistakoa da bere prestaketa fisikoaren emaitza eta denbora oso gutxian egin du hori. Urte erdian. Danatik etorri eta uda artek tartean. Hala ere ez da ondo hasi partidua Goikoetxearentzat eta berarentzat. Urdinak entxufatuta atera dira eta Barandikak konfiantza handiarekin egin ditu erremate bikainak. Txokoan utzita edota errebotean errebesez horma bikoa botata. Hirunakoaren ondoren tartea zabaltzen hasi dira, Del Rio gasteiztarrak ere min egin baitu eskumarekin. 4-8, 5-9 eta 6-10 joan dira. Goikori kosta egin zaio partiduan sartzea baina sartu denean, hori bai, bera izan da kantxan nagusi. Zumaiarrak errebotean bi tanto jarraian eginda lortu dute gorriek berdinketa (12-12) eta 15. tantora joan dira zuzenean.
Kantxan eroso egon da Iñaki. 7-8 koadroan ipini eta aire edo punpa-gora (botecorrido) sartu da ondoren dominatzeko. Tanto ederrak egin ditu, goitik behera pilotari jagi handia emanda txapa gaineko itzelak botata. Abiadura handiarekin, bereziki bi. Bata eskumaz eta errebesez albotik bestea. Txapa-gainean gastatu egin ditu. Zumaiarrak hala ere atzelari seguru bat izan du gaurkoan. Oso pilota gutxi galdu ditut Salegik, kantxan oso ondo kokatzen da eta pilota beti intentziorekin ipintzen du. Noranzkoa emanez. Jakinda nora botako duen. 15-9, bigarren jokoa ere gorrientzat. Datorren astean Beaskoetxea eta Lopezen kontra jokatuko dute. Hauek galdu egin zuten lehen jardunaldian eta derrigorrez irabazi beharra daukate Hori gertatzen bada eta B multzoan berdinketa badago, set kopuruak erabakiko du desenpatea, eta hor ere berdinketa balego, tanto kopuruak.
A multzoan berriz, Erkiaga eta Zabala dagoeneko sailkatu dira finalerdietara. Winter Serieseko irabazleak batera ari dira jokatzen Markina-Xemeinen ere eta lehen bi partiduak irabazi dituzte. 2-1 lehengo astean Olharan eta Etchetoren kontra, eta gaur 2-0 Arbe eta Ibarluzearen aurka. Ibarluzea ordezko pilotari moduan sartu da Lekerika lesionatuaren partez. Oso zaila zuten urdinek partidua irabaztea, eta ez da sorpresarik izan. Lehenengo jokoan 6-1 hasi dira aurretik gorriak eta behin diferentzia hori hartuta, kolore gutxi izan du setak. 8-2, 9-5 eta azkenean, 15-8. Ez zaie animorik falta izan urdinei, gazte kuadrillak bai Arbe bai Ibarluzea animatzen aritu baitira partidu osoan.
Animo horiengatik edo, hobera egin dute bigarren jokoan eta emozioa egon da. Ibarluzea ere kantxan erosoago hasierako urduritasunak kenduta, eta Arbe bere joko teknikoari zukua ateratzen. 0-2 hasi dira irabazten eta deskantsura 6-8 heldu dira urdinak aurretik. Atseden laburra eta gero, errebotez egin du tantua Aritzek, indar handia emanez pilotari, eta berdinketa horma biko goxo goxo batekin jarri du. Zortzina berdindu eta 10-8 jarri dira segidan. Hortxe egon da emozio gehien. Tantu ederrak jokatu dituzte eta Erkiaga eta Arberen arteko lehia polita ikusi dugu. Ispasterkoak hormabikoa bota, Arbek sartu, eta Aritz preso hartuta, beste hormabiko batekin erantzun dio. Tanto txalotuenetako izan da 11 eta 10eko hori. Urreratu bai baina berdintzerik ez dute lortu urdinek. Azkenean 15 eta 11 irabazi dute Erkiagak eta Zabalak. Huts gutxi gaur ere Bulletek. Partidu serioa jokatu du.
Datorren astean barikuz jokatuko dira partiduak, zapatuan beharrean. Gaueko 21:00tan hasiko da jaialdia. Sarrerak interneten. Karmen egunerako jarritakoak, egun batean gastatu dira.