Bueltan datoz

Olaizola II.ak eta Xalak jokatu egingo dutela baieztatu dute; Barriola eta Beloki daude zalantzan

E. TELLERIA / Sudouest

Bi behintzat bai. EPELen Binakako Txapelketaren bigarren jardunaldian parte hartu ez zuten bi pilotariak hirugarrenean bueltatuko dira. Horrela jakinarazi zuten atzo Aimar Olaizolak eta Ives Salaberri Xala-k, Iruñeko Labrit frontoian egindako pilota aukeraketan. Jokatu ez jokatu dabiltzanak Ruben Beloki eta Abel Barriola dira. Tolosako Beotibarren dute horiek gaur pilota aukeraketa, eta orduan jakinaraziko dute asteleheneko partidan ariko diren edo ez.

Aimar Olaizolak, eskuetako minez utzi zuen bertan behera joan den larunbatean Iscarren jokatu beharreko partida. Txapelketako lehenengoan, Tolosako Beotibarren jokatutakoan, eskuineko eta ezkerreko eskua hondatu zituen lehendik ere nahiko zigortuta zeuzkan eta horren partida gogorrak ez zion batere mesederik egin. Herenegun egin zuen entrenamendu gogor samar bat Otxandorena bikotekidearekin, eta orduan ere esan zuen ez zuela arazorik ikusten larunbatean jokatzeko. Atzo eman zuen Iruñean baiezkoa.Ez zen Labriten aparteko aitzakiarik izan. Olaizolak eta Otxandorenak 106,9, 104,9 eta 104,8 gramoko pilotak aukerakeratu zituzten, eta Xala-Lasa III.a kontrarioek 105,8, 106,5 eta 102,4 gramokoak. Motelagoak Asegarcekoenak, eta larrua bueltatutakoak Aspekoenak.Eta Aspekoen artean baiezkoa eman zuen bestea Xala. Gripeak jota erabaki zuen hark joan zen larunbatean ez jokatzea, baina eman dio buelta gorputzari. «Hobeto nago, baina astindu handi samarra eman dit gaixoaldiak. Entrenamendu bat egin dut, oraindik sumatzen dut nekea, baina ongi nago», adierazi zuen atzo Lekuinekoak. Onartzen du txapelketari hasiera kaskarra eman diotela, elkarrekin jokatu duten partida bakar horretan gauzak gaizki irten zitzaizkiela. «Baina badirudi jada ez daukagula zer eginik, eta hori ez da horrela. Txapelketa luzea da eta oraindik denbora daukagu konfiantza hartu eta gora egiteko».

Bi horiek baiezkoa eman dute, baina Ruben Beloki eta Abel Barriola dira zalantzan daudenak. Belokik uzkurdura izan zuen joan den igandean saihetsaldean, eta Barriolak eskuin eskua du minberatuta, ostiralean Donostian jokatu ostean. Enpresek final-laurdenetarako gordetzeko gomendatu diete. Gaur esango dute baietz edo ezetz.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE