Jai Alai News
EÑAUT-LOPEZ vs JOHAN-ZABALA: 12-15, 15-11, 5-1
GOIKOETXEA-MANZI vs ARBE-SALEGI: 15-13, 15-12
Herriko bi seme, Eñaut Urreisti eta Mikel Manzisidor eta zesta-puntako bi izar haundi, Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez, Mutrikuko Masterseko finalean izango dira. Gazteak eta izar haundiak nahasian jarrita, beteranoen esperientzia eta gazteen kemena eta griña elkartu dira. Zesta-puntaren argotean «arrankea» deitzen den hori soberan dute Eñautek eta Manzik. Mutrikuko aurrelari gaztea eta Imanol Lopez, Johan Sorozabal eta Jon Zabalaren aurka neurtu ziren atzoko finalerdietan. Miruaitz pilotalekuko giroa, ederra. Polita baita ere, belaunaldi berrietako pilotariak elkarren aurka jokatzen ikustea. Eñaut mutrikuarra eta Johan biarriztarra aurrez aurre atzokoan. Lehenengo setean, lapurtarra eta Jon Zabala bizkaitarra nagusitu ziren 12 eta 15. Bigarrenean Lopez besteak baino gehiago dela igarri zen eta zumaiarra gidari lanetan jarrita, gipuzkoarrentzat izan zen azkenean garaipena. 15-11 partidua berdintzeko setean eta 5-1 hirugarrenean.
Bigarren partiduan ere bikote gipuzkoar bat nagusi, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Mikel Manzisidorrek osatutakoa. Bi set eta huts irabazi zieten Arbe eta Salegi markinarrei, 15-13 eta 15-12, baina lau pelotariek partida ederra jokatuta.
Finala bihar jokatuko da, larunbatez, gaueko hamarretan hasita, Miruaitzen. Jaialdia irekiko duen partidua emakumezkoen artekoa izango da Eneritz Lizardi herritarra bertan dela. Gainerako pilotariak, Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra, Ihart Arakistain sopeloztarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra. Laurak ere, ondo ezagunak.
MAITE-ENERITZ vs IHART-MAIALEN
Masterseko finala: EÑAUT-LOPEZ vs GOIKOETXEA-MANZI
ARGAZKIAK: Andoni Iparragirre (Guk Jai Alai).