WINTER SERIES PRO AM-EKO FINALA, ERABAKITA

*Astelehenean, 20:00tan: Antxon-Salegi vs Urrutia-Aimar.

* ETB 1ek 22:30tan eskainiko du finala.

* Gernikako Winter Seriesean parte hartzea dago jokoan.

ARBE-LEKUE vs ANTXON-SALEGI: 11-15, 12-15

BIXENTE-MANZI vs URRUTIA-AIMAR: 14-15, 14-15

Ikusmin handia eta giro itzela Pro-Am txapelketako finalerdietan, Berriatuko Mendibarren pilotalekuan. Winter Seriesa aurten goizago hasi da, profesionalak eta afizionatuak nahasten dituen txapelketa berri honekin. Saria, Gernikako txapelketa handian jokatzeko aukera. 
Jaialdia partidu oso on batekin hasi da. Jokin Arbe ta Roberto Lekue, gorriz, Antxon Alberdi eta Eñaut Salegiren aurka, azken hauek urdinez. Partidu itzela jokatu dute Etxebarriako aurrelariak eta Markina-Xemeingo atzelariak eta merezita irabazi dute, bi set eta batere ez (11-15, 12-15). Huts gutxi egin dituzte urdinek, Antxonek izan dituen aukerak ondo aprobetxatu ditu eta Salegi oso seguru agertu da atzeko koadroetan. Ez seguru bakarrik, eskumarekin min eginez ere bai gainera. Gorriak berriz, partida aurretik hasi arren erremolkera aritu dira norgehiagokaren zatirik handienean. Pilota biziarekin gustora aritu da Antxon errebotean, sahietseko posturan ere min egiten du eta aurkariek ere ez dute asko mugitu etxebarritarra. Merezitako garaipena lortu dute urdinek. Finalean daude jada, eta biak ala biak, teknikoki oso pilotari onak dira. 
Bigarren partiduan Thomas Urrutia eta Aimar Aldazabal izan dira irabazle oso partidu gogorra jokatu eta gero. Donibane Garaziko aurrelari gazteak eta Berriatuko atzelari beteranoak 0-2 irabazi dute baina bi jokoetan tanto batengatik nagusitu dira: 14-15, 14-15. Emozio itzela egon da, erritmo altuan jokatu dute, piloteo luzeak izan dira eta pilota zail asko sartu dituzte laurek ere. Lehenengo setean tantoa amaitzen ahalegindu da Bixente Gonzalez biarriztarra. Aurrelari alaia da lapurtarra. Baina partidak aurrera egin ahala pilotek «toke» apur bat galdu dute eta zailagoa izan da tantua sartzea. Ondo jokatu du Mikel Manzisidor mutrikuarrak ere baina gogor borrokatuta ere, finaletik kanpo geratu dira. Lehenengo setean, 11-14 joan dira urdinak aurretik baina kosta egin zaie amaitzea (14-14 berdindu dute gorriek, ondoren 14-15 galtzeko). Bigarren jokoan ostera, 12-8 eta 13-10 ere izan dira aurretik Bixente eta Manzi, baina Urrutiak eta Aimarrek hamalauna berdindu eta azkenean irabaztea lortu dute.
Pilotazale asko batu da Mendibarrenen eta ederto gozatu dute, bi partiduak izan baitira maila altukoak eta ikusgarriak.

FINAL HANDIA, ASTELEHENEAN
Astelehenean jokatuko da Winter Series Pro-Am txapelketaren final handia. Iluntzeko zortzietan Mendibarrenen eta Euskal Telebistako lehen katean, gaueko hamar terdietan.
Pro Am-eko txapeldunek Gernikako Winter Seriesean parte-hartzeko aukera izango dute!

PARTZIALAK:Arbe-Lekue vs Antxon-Salegi (0-2)

1.seta: 2-0, 2-1, 3-1, 3-3, 5-3, 5-5, 6-5, 6-6, 7-6, 7-10, 9-10, 9-11, 10-11, 10-14, 11-14, 11-15.
2.seta: 1-0, 1-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-5, 6-5, 6-8, 7-8, 7-10, 8-10, 8-13, 12-13, 12-15.
Bixente-Manzi vs Urrutia-Aimar (0-2)

1. seta: 0-1, 3-1, 3-3, 4-3, 4-6, 8-6, 8-8, 9-8, 9-12, 10-12, 10-13, 11-13, 11-14, 14-14, 14-15.
2.seta: 2-0, 2-2, 4-2, 4-4, 6-4, 6-5, 7-5, 7-6, 10-6, 10-8, 12-8, 12-10, 13-10, 13-14, 14-14, 14-15.
Argazkiak: 1- Jokoan ateratakoak: Andoni Iparragirre-GUK JAI ALAI2- Estatikoak: Mikel Plaza-Berriatuko Zesta Eskola

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE