Barrenetxeak Ansa jartzen du larunbaterako finalerako faborito

Barrenetxea IV.ak eta Ansa II.ak Kutxabank Masters finala jokatuko dute larunbatean, 16:30etatik aurrera Galarretan. Masters txapelketaren 13garren finala izango da eta pasa den urteko bi protagonista berberak ariko dira elkarren aurka. Barrenetxeak Masterseko bi txapela ditu (2020 eta 2022) eta hirugarrena nahi du lortu. Ansarentzat lehenengo txapela iznago litzateke garaipena lortzen baldin badu.

Masters Txapelketa 2011n hasi zen jokatzen eta Ezkurra (2011, 2012), Urriza (2013, 2014, 2017, 2018, 2019, 2021), Uterga (2015, 2016) eta Barrenetxea (2020, 2022) izan dira txapela jantzi duten lau erremontistak.

Aurreko astean bien arteko norgehiagoka izan zen, ligaxkaren azken jardunaldian. Ansak 24-.30 lortu zuen garaipena, baina ez zegoen gauza haundirik jokoan. Hori da bien arteko azken partiduetan gertatu dena. 2021tik orain arte sei partidutan izan dira aurkari buruz buru. Bakoitzak hiruna partidutan gainditu du albokoa, baina Barrenetxearen garaipen denak finalerdi eta finaletan izan dira eta Ansarenak ordea jokoan ezer gutxi zegoen partiduetan.

Buruz burukoan, 2021ean, ligaxkan Ansak 28-30 irabazi zuen eta egun batzuk geroago Barrenetxeak finalerako sailkapena lortu zuen 30-23. Hurrengo partidua, 2022ko Masters finala izan zen. Barrenetxea izan zen berriz ere garaile, 30-22.

2022ko Buruz burukoan, historia berdina errepikatu zen. Ansak lortu zuen garaipena ligaxkan 23-30 eta finalerdian berriz Barrenetxeak gainditu zuen urnietarra 30-23. Bien arteko azken partidua lehen aipatutako pasa den larunbatekoa izan zen. Hori horrela, Ansak eta Barrenetxeak hirunako berdinketa hori apurtu nahi dute eta urnietarrak partidu erabakior batean lehenengo txapela bilatuko du.

Pelota biziagoak hernaniarrak eta motelagoak urnietarrak

Gaur materiala aukeratu dute. Ansak pelota motelagoagoak aukeratu zituen, peloteoa bultzatzeko. Barrenetxeak berriz, pelota biziagoak aukeratu zituen, saketik min egiteko.

Barrenetxearen hiru pilotek 127 gramos pisatu zituzten. Ansarenak 125, 126 eta 128 gramo pisatu zituzten. Barrenetxeak azaldu zuen ligaxkaren azken partiduan Ansa hobeto aritu zela. «Indartsuago eta auspo hobearekin iritsi zen amaierara. Pilota motelagoak zeuden eta bizirik ez. Horrek berari egin zion mesede. Oraingoan niri ongi etortzen zaidan pilota biziagoa aurkitu dut zestoan. Ansak asko hobetu du eta azkar jokatzen du. Nire pilotarekin min egiten saiatuko naiz. Bera da faborito eta gainera joko askorekin iristen da finalera. Gero eta final hobeak jokatzen ditu eta ni gainera, ez naiz iritsi nire puntu onenean. Puntutxo bat falta zait»

Ansa ildo beretik aritu zen. «Nik pilota motelagoak aukeratu ditut. Aurreko larunbatean mesede egin zidan pilota mota horrek eta horiekin jarraituko dit. Bere pilota biziak min handia egoten dit. Aurreko larunbatean ez zegoen mota horretako materiala eta mesede egin zidan. Oraingoan badaude pilota biziak eta horrek errespetoa sortzen du. sakearekin eta bere kolpearekin min handia egiten dit material horrekin. pasa den urteko finalean horrela izan zen. Txapelketa honetan asko gozatu dut. Jokorik gabe iritsi nintzen, baina oso ongi sentitu naiz. Aurreko urtean alderantziz izan zen. Barrenetxeak ez du ahulgunerik eta dena ongi egin behar da irabazi nahi izanez gero».  

Ligaxkan hernaniarrak ez zuen saketik min haundiegirik egin, ez behintzat Ansa baino gehiago. Honelako partidu garrantzitsu gehiago jokatu ditu atzelariak eta horrek faborito izaera eskaintzen dio. Ansak urduritasuna baretzen badu oso arriskutsua bihurtzen da. Indar haundiko erremontista da eta bere pelotakada bizia da. Errebotean ongi aritu zen ligaxkan eta horrek konfidantza emango dio. Barrenetxeak ez zuen asmatu ezker pareta ukitzen eta jokaldi hori hobetu beharra du.

Ansa prest dago txapela haundiak irabazteko, baina lehenengoa ez da iristen eta horrek urduritasuna gehitzea ekarri dezake. Txapelen borrokan dabil, nahiz eta oraindik ez duen lortu. Gaurkoa izan daiteke aukera ona, hori bai aurretik Barrenetxea bezalako txapeldun bat gainditu beharko du. Hernaniarrak buruz buruko txapelketa nagusiko bi txapel ditu eta Masters txapelketako beste bi. Gaurkoa bosgarrena litzateke. Partidua zuzenean eskainiko du ETBk.

Jaialdia, 15:30etan hasiko da eta finala jaialdiko bigarrena izango da. Aurretik, Segurola eta Larrañaga binakakoaren txapeldunek Urriza eta Apezetxearen aurka jokatuko dute. Atzelari goizuetarrarentzat aukera ona da goi mailako erremontistekin neurtzeko. 30 tantora izango da. Jaialdiko hirugarren partiduan, Goikoetxea eta Labaka, Loitegi eta Martirenaren kontra ariko dira.

Afizionatu Txapelketako finalerdia 18:30etan

Profesionalen jaialdia amaitu eta gero afizionatu mailan Txapelketa Nagusiko finalerdia jokatuko dute Galarretan, 18:30etan hasita. Bertan, Gurrutxaga eta Goikoetxea VI.ak, Irazu eta Aiestaranen aurka jokatuko dute.

Cartelera del sábado 18 de marzo en Galarreta a partir de las 15:30 horas

1. Segurola-Larrañaga contra Urriza-Apezetxea a 30 tantos

2. Barrenetxea IV contra Ansa II a 30 tantos FINAL KUTXABANK MASTERS

3. Goikoetxea V-Labaka contra Loitegi-Martirena a 40 tantos

4. Gurrutxaga-Goikoetxea VI contra Irazu-Aiestaran a 40 tantos SEMIFINALES CAMPEONATO AFICIONADO

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE