Eguberri Torneoko final ikusgarri eta orekatua irabazi zuten atzo
E. T. / Berria
Galarretako eta Euskaleko kantxa luze eta erraldoiak une batez albora utzi, eta Labrit txikian sartuta aritu dira erremonteak dituen izarrik handienak Eguberri Torneoan. Ez da erraza horrelakoetan partida txukunak irtetea, eta pilotariak euren mailan aritzea. Finalerdietan ez zen gertatu, baina atzoko finalean bai. Ezkurra-Urrutiak asmatu zuten Iñigo-Lizasok baino hobeto azken txanpan, eta horri esker irabazi dituzte txapelak.
Xistera berberarekin aritzen dira, baina askoz ere pilota motelagoekin, kantxa horren txikian. Erreboteak eta joak izaten dute horrelakoetan garrantzia, eta horien inguruan joan zen atzoko finala ere. Iñigo eta Lizaso hasi ziren hobeto. Urrutiari gehiago kostatu zitzaion partidan sartzea, baina Ezkurrak ongi egin zuen bere lana, eta berehala berdindu zuen norgehiagoka. Ongi aritu zen Iñigo erasoan zein defentsan lehen arloan beti aritzen da ongi, baina bigarrenean ere bikain aritu zen atzo. Lizasok ez zuen sekula amore eman. Defentsa harrigarria dauka Doneztebekoak, eta horren frontoi motzean erasoan ere min egiten du. 29-28koaren ostean apurtu zuen partida Ezkurrak. Kantxa erraldoietan ongi moldatzen da, baina txikiagoetan oraindik hobeto. Txapa gainean moztutakoak, bi paretak, errebotean egindakoa… era guztietako tantoak egin zituen, Urrutiak emandako segurtasunaren babesean. Merezimenduz irabazi dute txapela, eta erremonteak frontoi handietan ez ezik txikiagoetan ere tokia izan dezakeela erakutsi.
EZKURRA-URRUTIA 40
IÑIGO-LIZASO 31
Iraupena: 46 minutu.
Saketik: Urrutiak bakarra. Lizasok lau.
Egindakoak: Ezkurrak 22, Urrutiak 8, Iñigok 9, Lizasok 7.
Galdutakoak: Ezkurrak 5, Urrutiak 6, Iñigok 5, Lizasok 4.
Markagailua: 2-5, 3-7, 7-7, 9-9, 11-9, 13-13, 14-17, 16-19, 18-21, 24-21, 25-25, 27-26, 29-28, 34-28, 38-29 eta 40-31.
Bestelakoak: 100 80ri irten zen dirua Ezkurra-Urrutiaren alde. 400 ikusle Iruñeko Labriten, sarrera oso txukuna. Gazte mailako finala Gorriz-Olazarrek irabazi zuten.