Irujo-Goñi III.ari ez zaizkie batere gustatu ez Olaizola II.a-Otxandorenaren pilotak, ez eurenak
ENEKOITZ TELLERIA / Berria
Jokatuko zen inoiz Tolosan atzo baino jende gutxiagorekin funtzioren bat. Opor egunen aitzakian, jende mordoxka joan zen Beotibarrera, eta itxura eman zion atzoko pilota aukeraketari. EPELek hitzordu horietarako jarri duen araudi berriak estreinakoa zuen atzo; ordularia eskuetan hartuta aritu zen Juan Mari Juaristi Atano XIII.a, bikote bakoitzari bere 15 minutuak banatzen. Baina araudiak ez, pilotek sortu zuten atzo ere eztabaida. Aspekoei ez zitzaizkien gustatu ez kontrarioenak eta ez eurenak. Asegarcekoak ere ez ziren guztiz konforme, baina kontrarioak baino konformeago bai. Txapelketa hastea eta eztabaida hastea, biak bat.
Irujo-Goñi III.a hasi ziren pilotak aukeratzen. Atano XIII.a haiei begira, ordularia eskuetan hartuta. Araudi berriaren arabera, 15 minutu ditu bikote bakoitzak hiruna pilota aukeratzeko; zazpi nahikoak izan zituen Aspeko bikoteak (103, 104,7 eta 104,8 gramokoak). Olaizola II.a-Otxandorenaren txanda. Ordulariari begira Atano XIII.a. Aimar tartean egonda, denbora gehiago behar. 13-14 minututan aukeratu zituzten eurenak (103,8, 103,5 eta 105,7 gramokoak). Bakoitzak bestearenak gero, eta adierazpenak ondoren. Fernando Goñi haserre: «Niri ez zaizkit ez eurenak ez geureak gustatu. Gureak txarrak eta eurenak okerragoak. Grazia pixka bat falta zaie pilota guztiei. Geldoak dira, zozoak. Geureak bizixeagoak izango dira, baina ez zaizkit gustatu. Dena dela, bagenekien horrelako zerbaitekin topo egin genezakeela. Normalean, Aimarrek jokatzen duenean frontoian ezaugarri horiek dituzten pilotak agertzen dira. Baina zuzenean ikusten ez dituzun arte ez duzu sinesten». Adierazpen gogor samarrak. Haiek hartuta, Aimarrengana. Ezusterik ez harentzat, nonbait. «Aspekoen kontra jokatzen dugunean beti izaten da polemika piloten inguruan. Gureak patatak direla, melokotoiak direla diote, eta jada ohituta gaude. Berenak errazagoak dira mugitzeko, eta horregatik diote hori». Goñik adierazi zuen orain arte erabili dituzten pilotak horren politak izanda «sentsazio arraro samarra» dela txapelketa hasi eta horrelakoak topatzea. Aimar Olaizolak aitortu zuen azken boladan jokatzen duen bakoitzeko pilota motelekin aritzen dela egozten diotela. «Orain hitz egitea alferrik da. Asteazkenean ikusiko da haien pilotak nolakoak diren. Gu ere ez gara oso gustura gelditu. Guk nahi genuen pilota ez dugu aurkitu, baina gureak ez dira pilota txarrak».Partidaren zailtasunaz mintzatu ziren biak, eta udatik hona gora egin duela onartu zuen Fernando Goñik. «Nik txapelketa honi begira egiten dut lan, eta lana egina dago. Zortea behar da, eta emaitzak. Udatik hona hobera egitea normala da. 365 egunetan jokatzen dugu eta atzelariokin beti akordatzen dira gaizki ari garenean, ongi ari garenean ez. Armstrongek martxoan Andaluziako Itzulia korritu eta lehenengo mendatean atzera gelditzen denean, ez du inork deus esaten. Guri hemen urte osoan ongi aritzeko eskatzen zaigu. Bakoitzak bere egutegia dauka eta hori kontuan hartuta prestatzen du».Aimar Olaizola lau t’erdian aritu da orain dela gutxi arte, eta ez duela entrenamendu gogorrik egin onartu zuen atzo, eskuetatik «larri samar» bukatu zuelako. Iaz ere Irujoren kontra ekin zion txapelketari, Tolosan. «Sinatuko nuke 22-21eko hura».
Gaur egingo dira beste hiru pilota aukeraketak
EPELen Binakako Txapelketako lehen jardunaldirako beste hiru pilota aukeraketak gaur egingo dituzte. Sestaon lehenengoa (11:30), Berasaluze VIII.a-Ruiz eta Xala-Lasa III.ak. Eibarko Astelenan beste biak. Gonzalez-Pascual eta Bengoetxea VI.a-Beloki lehenengo (16:00), eta Titin III.a-Barriola eta Olaizola I.a-Zearra ondoren (16:30). Asier Olaizolak igandera arte dauka oraindik osatzeko, eta ez du arazorik izango jokatzeko.