Aukeratutako ia denak nahiko biziak dira
Berria Txapelketako finalistek Galarretan finalerako zortzi pilotak aukeratu dituzte. Lehenengoa kantxaratzen Aitor Aiestaran izan da. Bakarrik aukeratu ditu pilotak, Goikoetxea ezin izan baitu bertan egon lanarengatik.
Atzelari hernaniarra gustura geratu da eta 128 gramoko bi pilota aukeratu ditu, bat 125 gramokoa eta beste bat 127 gramokoa. «Goikoetxearekin aurretik hitz egin dut eta erdiko pilota nahi genuen, erdikoa baina bizitik gehiago duena. Aurretik beldur pixka bat banuen, baina ongi moldatu naiz. Pilota biziegia ere ez genuen nahi, Zalduak sakearekin min egin dezakelako. Helburua Gurrutxaga jokoan ez sartzea da».
Gorriek uste zuten urdinek pilota motelagoa aukeratuko zutela, baina hauek ere bizia banandu dute. Gurrutxaga eta Zaldua I elkarrekin aritu dira 126 gramoko hiru pilota eta 128 gramoko pilota bat banandu arte. Urtzi Gurrutxaga asko ikasten ari omen da Zalduarekin. «Polita doa txapelketa. Asko ikasi dut Zalduarekin eta gozatzen ari naiz. Motibazioa sortzen badaki eta asko animatzen dit, harreman estua sortu da txapelketan. Lehenengo finala jokatzea handia da niretzat. Material aukeraketan ongi moldatu gara, berak lehenengo pilotakada ematen zuen eta gero nik probatzen nuen pilota. Aukeratutakoak biziak dira. Uste dugu hori dela komeni zaigun materiala eta bilatu dugu».