Irujo-Goñi III.a eta Koka-Zearra bihar Eguberri Torneoko finalean (18:00, Tele 5); Olaizola I.ak nahiago izan du ez arriskatu, eta Koka ariko da
Berria
Bihar, urte berriko lehenengo egunean jokatu da Eguberri Torneoko finala (18:00,Tele 5), Eibarko Astelena pilotalekuan. Olaizola I.a ariko ote zen azken ordua arte kolokan izan da asteartean Barañainen jokatutako partidan, iztarrean min hartu zuen, eta azkenean, Iñigo Simon Asegarceko medikuak ongi begiratu ostean, goizuetarrak urteko lehenengo finala ez jokatzea erabaki du. Haren postua Juantxo Koka altzatarrak hartuko du. Binakako txapelketatik kanpo geratu ondoren, Asegarce enpresak aukera bat ematea pentsatu du. Kokarentzat aukera polita izan daiteke biharko finala. Azken hilabete hauetan Asegarcek nahiko baztertuta baitauka.
Binakako Txapelketa gainean dagoela ikusita, lautik hiru pilotariri ongi etorriko zaie bihar Eguberri Torneoko finala. Izan ere, kasualitatea edo ez, binaka ere elkarrekin aritzekoak dira bihar finala jokatu behar zuten bikoteak. Olaizola I.a finaletik kanpo gelditu ondoren, ematen du apustuak Irujo txapelduna eta Goñi III.aren alde aterako direla. Kokak eta Zearrak uda eskas samarra egin dute, baina ematen du egoerari buelta emateko gauza izan direla. Batez ere, Joantxo Koka. Oier Zearra, aldiz, denbora asko egon da kantxetatik kanpo eskuko arazoak direla medio. Baina ematen du, kantxetara buelta ez zaiola oso gogorra egin. Finala jokatzeko aukera izango duelako bihar Eibarko Astelenan.Aurten enpresek, oso txapelketa polita egitea erabaki dute. Denera zortzi bikote aritu dira lehian, eta bakoitzak lau bikote aurkeztu ditu. Txapelketa guztian enpresa bakoitzeko bikoteak elkarren aurka jokatu dute, baina finala iritsi denean, gurutzatzea tokatu zaie. Pilotazaleek aukera gutxi izaten bait dituzte urtean zehar horrelako partidak gozatzeko.Bi bikoteek finalerdietan izerdi asko bota beharra izan zuten finalera iristeko. Irujok eta Goñi III.ak 22-15 irabazi zieten Xala eta Lasa III.ari Eibarko Astelenan. Beste finarerdia Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zuten. Alde batetik, Olaizola I.a eta Zearra aritu ziren, eta beste aldetik, Bengoetxea VI.a eta Ruiz. Lehenengoek lortu zuten irabaztea partida gogor baten ostean (22-19).
Bergaran ere aldaketak; eta Eugi lehenengo partidan
Asegarcek eta Aspek jaialdi interesgarri bat antolatu dute urte berriaren lehenengo egunerako, Bergarako udal pilotalekuan. Eibarko partidarako egin diren aldaketek, ordea, Bergarakoari ere eragin diote. Estelarrean, Koka zen aritzekoa, baina Leizak jokatuko du haren ordez, Belokirekin, Gonzalez eta Pascualen kontra azken horiek binakako txapelketan ere elkarrekin jokatuko dute.
Jaialdiko lehenengo partidan, aldiz, Patxi Eugi ariko da. Hilabete bat baino gehiago egin du jokatu ezinda, lau t’erdikoan eskuin eskuan min hartu zuenetik. Apeztegiarekin jokatuko du, Tirapu-Errastiren kontra.