Gaur aurkeztuko du EPELek bere txapelketa; lau bikote enpresako
Berria
BBVAk Bilbon duen egoitza nagusian aurkeztuko du gaur EPELek Eskuz Binakako Txapelketa (12:00). Asegarce eta Aspe enpresek launa bikote sartuko dituzte txapelketan, eta heldu den astean jokatuko dira aurreneko partidak urtarrilaren 5erako dago iragarrita lehenengoa. Txapelketa bosna bikoterekin jokatzea ere izan dute buruan enpresek; baina, azken ordukorik ez baldin badago behintzat, zortzi bikotez osatutako txapelketa jokatuko da.
Aspekoa da iaz txapelketa irabazi zuen bikotea, Titin III.ak eta Goñi III.ak osatutakoa, eta oso litekeena da iazko txapelaren defentsa elkarrekin egitea. Enpresa horretan, Lasa III.a, Barriola eta Pascual dira atzeko koadroetan tokia duten beste hiru pilotariak, eta Irujok, Xalak eta Gonzalezek ere aurrekoetan tokia ziurtatua dutela dirudi. Ordezkoetan, aukera gehiago du Aspek aurrelarien artean atzelarien artean baino.Asegarce enpresan ere titularren postuak nahiko ziurtatuta daudela dirudi. Beloki, Ruiz, Zearra eta Otxandorena dira atzeko koadroetan tokia ziurtatua omen dutenak. Aurrekoetan, ez daude gauzak horren argi. Olaizola anaiek jokatuko dutela ez du inork zalantzan jartzen Aimarrekin nork jokatuko duen jakiteak ikusmin handia piztu du, baina beste bi postuetarako lehia gogorragoa izango dela dirudi. Bengoe-txea VI.ak, Unanuek eta Berasaluze VIII.ak hor hurbil ibili beharko lukete, eta urrutirago dirudite Kokak, Agirrek eta Esainek. Erantzunak, gaur eguerdian.