Gara
Igandean Lau eta Erdiko bere bigarren txapela janzteko faborito da Aimar Olaizola, eta asteartean Ogetan egindako entrenamendua ikusita, sasoi puntu izugarrian heltzen dela ukaezina da. Arazo fisiko guztiak ahaztuta ditu Goizuetako aurrelariak, eta berak ere onartzen du joko bolada bikainean dagoela. Hala ere, Aimarren ustez, finala %50ean dago eta uko egiten dio jarri dioten faborito kartelari.
Julian Retegiren agindu zorrotzen pean, egindako tanto on bakoitzeko bazuen Eratsungoari esateko zerbait; Patxi Ruizi jokatutako bi partidak irabazi ostean, gustura laga zuen Aimar Olaizolak Ogetako kantxa, sasoi puntu bikainean dagoela berresteko balio izan baitzuen astearteko entrenamenduak. Orain arte egindako erakustaldien ondoren, sekula baino faboritoago irtengo da Goizuetakoa kantxara, baina berak ez die jaramon handiegirik egiten pilotazaleen pronostikoei, nahiz eta sasoi bikainean dela onartu.
Egindako azken entrenamendua ikusita, ondo zaudela galdetu beharrik ere ez dago…
Entrenatzen, behintzat, nahiko gustura ari naiz, ondo sentitzen naiz eta hori da garrantzitsuena. Lesio aldetik ere ez daukat inongo arazorik, eta gustura eta ilusio handiarekin nago iganderako.
Patxi Ruiz bere onetik ateratzea ere lortu zenuen, bederen.
Entrenatzen ere beti irabaztea gustatzen zait. Ez ginen denbora askoan aritu, baina egindakoa serio egin nahi nuen.
Lesioaren ondoren, konfiantza berreskuratzeari ematen zenion garrantzia. Gainezka izango duzu, ezta?
Konfiantza pixkanaka hartzen joan naiz, baita jokoa ere, memento onean nago eta espero dut igandean ere erantzutea. Jendeak esaten zuen ez nuela berriro orain duela bi urteko maila berreskuratuko, eta hasiera batean, pixka bat beldur nintzen. Medikuek, aldiz, pazientzia izanez gero lortuko nuela zioten eta kasu egin nien; ondo ikusten dut neure burua.
Denbora dezente pasatu da jokatutako azken partidatik hona; luze egin al da?
Mementoz, nerbiorik ez daukat; gainera, ez da partida garrantzitsuak jokatzen ditudan lehendabiziko aldia, eta, mementoz, behintzat, lasai nago.
Olentzerorentzako gutunean Aimarrek txapela eskatu al du?
Oparirik onena hori izango litzateke, txapela irabaztea, baina finalean egotea ere saria da. Behin iritsita, denoi gustatzen zaigu irabaztea, baina egindakoarekin pozik nago.
Orain arte, behintzat, ez duzu ukatzerik zu izan zarela txapelketako protagonista…
Abelek ere Lau eta Erdiko Txapelketa ona egin du, eta zerbaitegatik iritsi da finalera, biok maila ona eman dugu, eta horregatik gaude finalean.
Denon edo gehienon iritziz, Aimar Olaizola da faborito; ezer esaten al dizu horrek?
Niri ez dit ezer esaten; nik beti esan dut faborito izate horri ez diodala garrantzirik ematen; nire ustez, finala %50ean dago. Edozein ez da finalera iristen eta zerbaitegatik dago Abel finalean, oso partida zaila daukat eta irabazi nahi badut, oso ondo jokatu beharra daukat.
Abelek, irabazteko, sakean eta pilotari ematen dion abiaduran oinarritu beharko luke. Zerk beldurtzen zaitu gehien?
Denak. Lau eta erdian arma bakarrarekin zaila da finalera iristea; nahiko pilotari osoa izan behar da. Beti esaten da atzelaria izateko Abelek izugarri sakatzen duela. Abiadura handia ematen dio bi eskuekin, eta tantoa ondo bukatzen du, hau da, pilotari osoa da.
Kantxan aurkari, baina kanpoan lagun handiak…
Ohituta gaude horretara, txikitatik elkarrekin askotan jokatu dugu eta lagun handiak gara, baina gero, frontoira irteten garenean, bakoitzak berea egiten du. Gainera, ez da lehendabiziko aldia elkarren aurka jokatzen duguna, eta edozeinek irabazita ere, lagunak izaten jarraituko dugu.
Baina orain arte beti zuk irabazi duzu…
Bai, orain arte bai, baina gerta liteke hemendik aurrera beste mordoxka bat berak irabaztea. Hemen finala %50era dago eta irabazi nahi duenak asko jokatu beharra dauka.
Orain bi urteko giro polita izango al da?
Beti elkarren aurka jokatzen dugunean giro ezin hobea egoten da. Esan dutenez, sarrerarik ere ez dago ia, eta nik uste dut berriz ere giro berezi bat izango dela. Bi herriak elkarren ondoan daude; jende askok ezagutzen du elkar, eta nik uste elkarren aurka beti giro aparta egon dela eta hori ere jokatzeko oso polita da. Normala den bezala, jende askoren komentarioak daude, Goizuetan pilotarako zaletasun handia dago baita ikusmin handia ere.
Irabaziz gero, sagardotegi garaia aurreratuko al da? Izan ere, anaiarekin sagardotegi bat hartu omen duzu…
Galdu edo irabazi, sagardotegian afaria egingo dugu; lagunek familiakoek eta denek. Denboraldia geroago, hilaren hamaika inguruan zabalduko dugu. –