Aimar faborito

IMANOL MAGRO -/ Berria
Kaiolako jokoa ondo ezagutzen duten lau pilotariri luzatu die inkesta Berriak, eta laurak bat datoz: Aimar Olaizola da faboritoa. Halere, Barriolak gustuko materiala lortu eta tantoa bukatzen asmatzen badu, bere aukerak izango dituela esna dute.

PATXI EUGI

«Eskuz ondo badago, Abelek lanak emango dizkio»

1. Partida ona izango dela uste dut, bi pilotariak sasoi onean iristen direlako. Tantoa bukatzeko orduan Aimarrek abantaila txiki bat badu ere, final lehiatua ikusiko dugulakoan nago.

2. Nire iritziz, Aimar da faborito, baina ez guztiz faborito. Jendeak, oro har, Olaizolaren alde egin du, eta niri ere Aimar gehiago gustatzen zait, baina Abelek, eskuz ondo badago, lanak emango dizkio Olaizolari.

3. Finalak desberdinak dira, normalean partida txarrak izaten direlako. Nik ez dakit igandean Olaizola bete-betean ikusiko dugun. Hala ez bada, eta Abelek bere jokoa egiten badu, pilotari abiada emanez eta luze jokatuz alegia, eta tantoarekin asmatzen badu, Aimar estutu dezake.

4. Zaila da esaten, baina garbi daukat egun horretan bere burua hobekien ikusten duenak asko izango duela irabazita.

5. Denetarik egon da, partida onak eta ez hain onak ikusi baitira. Ligaxkan maila oneko partidak ikusi dira, eta hori da garrantzitsuena, azken fasean pilotariek bere maila eman izana.

MARTIN ALUSTIZA

«Anoetako lehen tantoetan bezala aritu behar du Abelek»

1. Final gogorra izango da, Aimarrek jokatzen duen partida guztietan lehia luzatzera joaten delako, eta igandean berdin egingo du.

2. Bai, niretzat Aimar da faborito. Oso ondo ikusten dut, eta erakutsiriko joko mailak bera egiten du faborito. Abel ere oso ondo dago, eta txispa hori berreskuratu du. Niretzat, ez garbi, baina Aimar da faboritoa.

3. Anoetan lehenbiziko tantoetan jokatu zuen bezala: abiadura emanez eta ahal baldin badu puskatuz. Aimar puskatzea ez da erraza, baina hortik jo beharko du Abelek.

4. Ez dakit gakoa zein izan daitekeen. Halere, kontuan hartzekoa da Aimarrek ia beti irabazi diola Abeli, eta, partida guztiak desberdinak badira ere, horrek bere pisua izaten du.

5. Txapelketak ez du espero zitekeen maila izan. Enpresek pilotari kopurua murriztu dute, maila igotzeko asmoarekin, eta, hala ere, ez dute maila handiko partidarik lortu.

YVES SALABERRI ‘XALA’

«Abelek tantoa bukatzen asmatu beharra dauka»

1. Final handia izatea espero dut, partida lehiatua eta hoberenak irabaziko duena. Biak oso indartsu baitaude, eta Olaizola oso sasoi onean badago ere, Abelek badakielako horrelako partidak jokatzea zer den.

2. Bai, nire ustez Aimar da faboritoa, ligaxkan oso ondo jokatu eta Abelen aurreko partida irabazi zuelako. Halere, igandekoa partida desberdina izango da, ordukoan Abelek arazo fisikoak eduki zituen, egun, ordea, sasoi egokian dago.

3. Ez da erraza esaten, Aimarrek asko jokatzen duelako. Hori bai, Abelek, beste ezer baino lehen, bere gustuko pilota lortu beharra dauka, horrekin min egiten saiatzeko. Gero tantoa bukatzeko aukera duenean dejadarekin asmatu beharko du.

4. Biek finalak jokatzera ohituta baldin badaude ere, kirioei eusteak bere garrantzia izan dezake. Gero, jokatzeko garaian, sakea ere garrantzitsua izango da. Bietako batek bospasei sake sartzen baditu, bide erdia egina izango baitu.

5. Nire ustez, bai jokoz, bai sasoiz, hoberen dauden bi pilotariak iristi dira finalera. Txapelketa ona izan dela uste dut.

MIKEL UNANUE

«Aimarri irabazteko, arriskatu egin behar da»

1. Ez dut uste partida oso piloteatua izango denik, pilotaleku bizia delako. Material bizia ateratzen badute, partida azkarra izango da.

2. Normalean, Aimarrek irten beharko luke faborito.

3. Pilotari guztiak lortzen saiatzen direna, Aimar dominatzea, alegia. Baina oso zaila da Aimar bere burua saltzera behartzea, eta, horretarako, Abelek arriskatu egin beharko du.

4. Pilotak oso garrantzitsuak izango dira, ezinbestekoa da horiek kontuan hartzea. Aimarrek erdi boteko pilota ateratzen badu oso zaila delako hari tantoa sartzea. Pilota biziago batekin, berriz, aurkariek aukera gehiago dituzte.

5. Nire ustez, txapelketak ez ditu aurreikuspenak bete, hasierako faseetan, batipat, diferentzia handiko partidak ikusi direlako. Azken txanpan ligaxka erakargarria gelditu zen, eta hor ere, finalerdi pare bat kenduta, nahiko partida txarrak gertatu dira.

Inkesta x 1. Nolako finala izango da? 2. Faboritorik? 3. Nola jokatu behar du faboritoaren aurkariak? 4. Non egon daiteke partidako giltza? 5. Zer-nolako txapelketa iruditu zaizu?

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE